argia.eus
INPRIMATU
Naomi Klein
“Jendeak normaltasunera noiz itzuliko garen galdetzen du, baina normaltasuna zen krisia”
  • Naomi Klein Shockaren doktrina liburuaren egilearen adierazpenak jaso ditu El Salto aldizkariak. Eliteek koronabirusaren krisia nola baliatu duten azaldu du, jendeak beste egoera batean onartuko ez lituzkeen politikak ezartzeko, eta horrela klase arteko banaketa areagotzeko.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 01a
Naomi Klein artxiboko irudi batean.

“Hau mugarik errespetatzen ez duen mundu mailako krisia da. Zoritxarrez, munduko agintariak hori esplotatzeko ahaleginetan dabiltza. Hortaz, guk ere estrategiak elkarbanatu behar ditugu”, dio Kleinek. 2008ko krisiaz geroztik mundu mailako agintariek osasun-sistemen diru-sarrerak murriztu zituztela dio, batez ere Europako hegoaldean, eta horren adierazle dela oraingo krisiak eremu horretan sortu duen kolapsoa.

“Sistema kapitalista beti egon da prest bizitzak sakrifikatzeko, irabaziak lortzearen truke”, Kleinek adierazi duenez. Hori erakusten dute koronabirusaren krisiaren aurrean zenbait aberatsek proposatutako neurriek ere. Izan ere, langileei lanera bueltatzeko eskatu diete, nahiz eta bizia arriskuan jarri. Baina Kleinen ustez, jendea hasi da konturatzen horretaz, besteak beste telebistako komentaristak ikusi dituenean esaten adineko jendea sakrifikatu beharko litzatekeela, akzioen prezioa igo ahal izateko.

Krisi mota berri bat

Orain arte munduak krisi andana bizi izan badu ere, oraingoa erradikalagoa da eskatzen duen sakrifizioari dagokionez. Kleinek argudiatu du osasun krisiari ekologikoa ere batu zaiola, eta horregatik jendarteak zaintzan oinarritutako ekonomia exijitu behar diela agintariei.

Horrez gain, urruntze sozialak “Sillycon Valley distopia” sorrarazten diola adierazi du. “Gure gizarte-harremanak plataforma korporatiboen bitartez egiten ditugu: YouTube, Twitter, Facebook… Gure eguneroko elikagaiak Amazon Primek ekartzen dizkigu. Eta lan hori egiten dabiltzanak izugarri zaurgarriak dira”.

Normaltasunera bueltatzearen ideiarekin ere kritiko agertu da. Jendeak normaltasunera bueltatzeko nahia azaltzen duenean, “normaltasuna krisia zela gogoratu” behar dutela adierazi du. “Normala hilgarria da. Bizitzen babesean oinarritzen den ekonomia baterako trantsizioa egin behar dugu”.

Egoera honen aukera

Krisi egoerak sozialki aurrera egiteko aukera ere badirela uste du Kleinek. “2008 eta 2009an baino egoera hobean gaude. Gizarte mugimenduetatik lan handia egin dugu pertsonen plataformak sortzeko”.