Baratzera joateko aukera kendu digute orain. Osasunaren aitzakia gorenarekin galarazten digute gure jakiak eta edakiak sortzeko aukera.
Nire onetik aterata nabil kartzelaldiari, leungarri, konfinamendua esaten dioten honetan. Kartzela zer den azaltzen ezin hasiko gara hemen… Kartzelaldiari etxealdia esaten diote batzuek. Etxean egoteko esan digute. Galdera zera da, zer da etxea?
“Gure amaren etxea” esaera baliatzen dut nik, eta noski, etxea ez da ateak biltzen duena. Etxea gure eta guretarren bizitzari eusteko denboran zehar osatu den kontzeptua da. Gure etxea gara, gu geroni, erleak, abereak, mendietako eskubideak, larreak, soroak, baratzea, fruitu arboladiak, lanerako tresnak eta abar. Hori dena, behintzat, bada etxea.
Etxea eraikuntza soil bat dela pentsatzen duenari motxetik ibiltzea gustatuko zaio... Nik ezagutu dudan emakumerik jakintsuenetako batek, bere etxera noiznahi joateko esan eta aurrez jakinarazi beharrik ez zela adierazteko hala esaten zidan: “Katuaren mugarrien barruan hemen izango gara”. Edadetua zen, eta ez zuen bere kasa nahinora joateko aukerarik, baina etxe inguruko lore, oilo, erle, baratze, etxekone eta abarretara hurbildu eta haiekin aritzeko adina bazen. Huraxe zen bere etxea; bere alaba-semeena zabalagoa zen, eta zer esanik ez bere bilobena...
Etxeari motxetik begiratzen dioten horiek baratzera joateko aukera kendu digute orain. Ez dut inoiz horrelakorik izan denik jakin. Izugarria da. Gure kulturaren eta, bide batez gure izaeraren oinarria den baratzera joatea galarazten digute. Ba al daki zer egiten ari den erabaki horiek hartzen dituen jende horrek? Jendilaje horrek?
Osasunaren aitzakia gorenarekin galarazten digute gure jakiak eta edakiak sortzeko aukera. Guri bizitza kalitate gorena ematen digutenak zaintzea. Izan ere, landare bat erein, landatu, jorratu, azken finenean zaindu dugunean, hura gure etxekoen artean jan eta gureratzen dugunean baino kalitate handiagoko elikadura non arraiotik geureganatuko dugu? Supermerkatura bai, hara joatea ez digute galarazi; eta ez dakigu non landu, nondik ekarri eta nola maneiatu dituztenak jan behako ditugu.
Gure bizitza zaintzen duten landareek ez dute zaintzarik merezi. Txakurrek bai, horiek eguneroko paseo parea behar dute. Izan ere, etxea etxebarru motz hori dela pentsatu eta etxean txakurrak dituen jendeak egiten ditu gure eta gure bizitza kalitatearen gaineko lege eta arauak. Txakurrak etxean dituen jendea. Jende zakurra. Lotsagabe krapautak!