argia.eus
INPRIMATU
Jende anitz elkartu da Beasainen Loinatz jaietan gertatutako bortxaketa salatzeko
  • Beasaingo Asanblada Feministak egin zuen deialdia, eraso sexistaren aurka eta erasoa jasan duenari elkartasuna adierazteko.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 07a

Astelehenean jarri zuen salaketa erasoa jasa zuenak eta arratsaldeko 19:00etan izan zen elkarretaratzea. Jende anitz gerturatu zen Loinatz jaien amaieran jazotako bortxa salatzera “Erasoen aurrean autodefentsa feminista” lelopean.

Beasaingo Asanblada Feministak, Goierriko Koordinadora Feministarekin elkarlanean, idatzi bat kaleratu zuen Instagramen eta Twitterren. Bertan bortxaketa salatu egin dute taldeek eta biktimari haien babesa eta elkartasuna adierazi diote. Gaineratu dute emakume* izate hutsagatik gizonen erasoak behin eta berriro jasan behar izateaz nazkatuta daudela eta gizarteak justifikatu egiten dituela jai giroan ematen diren eraso horiek: “Jai giroan ematen diren eraso hauek egunerokoan jasaten ditugunen adibide bat gehiago besterik ez dira. Jaietan droga zein alkoholak eraso hauek justifikatzen ditu gizartearen begietara, baina badakigu honen atzetik estrukturala den gizarte egitura bat dagoela, erasoak sostengatu eta birproduzitzen dituena”.