argia.eus
INPRIMATU
Jendaurrean lan egiten dutenak ere COVID pasaportea edukitzera behartu ditu Frantziako Gobernuak
  • Astelehenetik aurrera jendearekin aurrez aurre aritzen diren Ipar Euskal Herriko langile guztiek, lantokira sartu ahal izateko, COVID ziurtagiria erakutsi behar dute. Herritarren "txertaketa prozesua aitzinarazteko" beste pausu bat dela adierazi du Elisabeth Borne Frantziako Lan ministroak.

Axier Lopez @axierL 2021eko abuztuaren 31
Tren sare publikoa erabiltzeko herritarrak segurtasun indarrei COVID pasaportea erakusten Parisen, abuztuaren 9an legea indarrean sartu zen egunean. Argazkia: AP – A. Surprenat

Frantziako Gobernuak astelehenean ezarri du jendearekin harremanetan dauden langile guztientzat COVID pasaportea izateko betebeharra. Neurri horrek, besteak beste, garraioaren, merkataritzaren, kirolaren, administrazioaren, taberna eta jatetxeen eta kulturaren sektoreetako ia bi milioi pertsonari eragiten die Frantziako Estatuan. Hau da, lan egin eta soldata jasotzen jarraitzeko, langile horiek frogatu behar dute txertaketaren prozesu osoa bete, PCR edo antigenoen test negatiboa dutela edo gaixotasuna pasa izana azken sei hilabetetan.

Emmanuel Macronek uztailaren 12an bultzatutako legearen arabera hartu du Frantziako Gobernuak azken neurri hau. Lege horren lehen emaitza praktikoa izan zen abuztuaren 9tik aurrera kafetegi, jatetxe, taberna, merkataritza-gune, garraio publiko, edota ospitaleetan egoteko COVID pasaportea ezinbesteko baldintza bilakatzea. Orain bigarren buelta eman dio gobernuak. Elisabeth Borne Lan ministroaren arabera, kutsatzeak saihestea, txertaketa prozesuari beste bulkada bat ematea eta lan-jarduerak irekita mantentzeko baldintzak ezartzea dira helburuak. Neurri eta murrizketa horien estrategiaz ondokoa adierazi zuen Emmanuel Macronek uztaila amaieran: "Gizatasuna sarituko dugu, eta txertatuak ez direnei bideratuko dizkiegu murrizketak".

Igandera arteko datuen arabera, Frantziako Estatuko biztanleriaren %71,8k jaso du gutxienez txertoaren dosi bat eta %64,6k jaso ditu bi dosiak.

Bete ezean, isuna eta kartzela

Enpresako arduradunak ez badu bermatzen langile guztiek ziurtagiria dutela, urtebeteko espetxe-zigorra eta 9.000 euro arteko isuna jaso litzake. Langilearentzako zigorra ondorengoa da: aurrena bi hilabetez soldatarik gabe utzi eta, epe horren ostean, COVID pasaportea lortu ezean, enpresatik botatzeko aukera izango luke enpresaburuak.

COVID ziurtagiria derrigorrezko bihurtzeak protestak eragin ditu Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Larunbatean dozenaka mila pertsona manifestatu dira Frantziako Estatuan barrena egin diren berrehun mobilizazio baino gehiagotan. Zazpigarren asteburuz jarraian egindako protestak izan dira.