Gipuzkoako Esku hartze Sozialeko III. hitzarmenaren negoziazioaren alde borrokatzeko helburuarekin sortu dute langileen asanblada. Jendartelanak jakinarazi duenez, Hedatzenek, Gipuzkoako Gizarte Ekimeneko eta Esku Hartzeko Entitateen Elkarteak “lan baldintzetan atzera egitea proposatu du”, eta horren aurrean, esku hartze sozialeko langileek euren eskubideen alde borrokatzeko asmo irmoa azaldu dute.
Otsailaren 14an eta 25ean Tabakaleran, eta otsailaren 20an Bergaran bildutako langileen erabakiz sortu da plataforma, eta webgune bat sortu dute, euren jardunari buruzko informazioa zabaltzeko. Adierazi dutenez, Jendartelana “Hedatzen enpresaren zentzugabekeriaren aurrean”, “desadostasun sindikalen aurrean” eta “aurreko hitzarmenen esperientziaren aurrean” sortu den taldea da, soldatapeko langileek (sindikatuetan afiliatua izan ala ez) osatua.
Era berean, sindikatuekin izango duten harremana adostu dute: batzarra subiranoa izango da erabakietan, eta sindikatuak langileen zerbitzura egongo dira, eta ez alderantziz. Horretarako, ekimenak eta mobilizazioen agenda asanbladak definituko ditu, negoziaketa ordezkaritzetan asanbladaren aholkulariek hartuko dute parte, eta asanbladak sindikatuen aholkua eta sostengu logistikoa izango du.
Albiste hau Irutxuloko Hitzak eman du eta Creative Commons lizentzia libreei esker ekarri dugu ARGIAra.