Remi Fraisse ekologistaren heriotza nola gertatu zen argitzen ari da. France Inforen webgunean irakur daitekeenez, jendarmeek jaurtitako granada batek hil zuela dioen tesia indartzen ari da.
“TNT arrastoak aurkitu ditugu biktimaren arropen artean”, adierazi du Claude Dérens Okzitaniako Albi hiriko prokuradoreak.
Astelehenetik zen jakina 21 urteko gaztea, Testeteko (Okzitania) paduran urtegi bat eraikitzearen aurka antolatutako protestan parte hartzen ari zela, leherketa baten erruz hil zela.
Baina ikertzaileek nolako lehergailua izan den jakin nahi zuten. TNT arrastoak daudela jakinda, eta jendarmeek lehergailu mota hori erabiltzen dutela, hilketaren arduraduna segurtasun indarretako kidea dela baieztatu liteke.
Heriotza salatzeko elkarretaratzea Baionan
Bizi! mugimenduak Remi Fraisseren heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu zuen asteartean Baionako suprefekturaren aitzinean.
Mugimendu altermundialistako kide Mattin Ihidopek Info7 irratian azaldu du “bortizkeriarik gabeko erresistentzia” egiten ari zirela Testeteko protesta. “Indarkeria basati hori nahi dugu salatu, ez da posible hildako bat gehiago ukaitea, proiektu hori gelditu behar da”.