argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismoaren aurkako artikuluak debekatu ditu Bezosek ‘The Washington Post’-en
  • Hemendik aurrera egunkarian soilik "norbanakoen askatasuna eta merkatu librea" sustatzen dituzten iritziak jasoko direla adierazi du enpresaburuak. Iritzi artikuluen zuzendariak hedabidea utzi duela ere argitaratu du. 

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 27a
Jeff Bezos jurvetson (CC BY 2.0)

Bezosek egunkariko langileei egunero "askatasun pertsonalak eta merkatu librea babesteko" idatziko dutela adierazi die. Gainera, bere posizioa berrezarri du: "oinarri horien aurkako ikuspuntuak beste batzuek argitara ditzatela" 

Gaur egun "ikuspuntu guztiak" jasotzen dituen iritzi atal bat izateak "zentzurik ez duela" adierazi du; duela urte batzuk aldizkariek betetzen zutela "funtzio hori" baina gaur egun "Interneti dagokiola" esparru hori asetzea. 

Bezosek 2013tik, hedabidea erosi zuenetik, aldizkariaren ildo editoriala nabarmen aldatzen duen bigarren aldia da. Lehenengoa azken hauteskundeetan izan zen; historikoki "demokratekin" lerratutako aldizkariak ez zuen Kamala Harrisen aldeko botoa eskatu eta hori enpresaburuaren erabakia izan zen. 

Gainera, enpresaburuak milioi bat dolar eman zituen Trumpen inbestidurarako eta gainontzeko enpresaburu aberatsen aldera urtarrilaren 20an errepublikanoaren kargu-hartzean azaldu zen. 

Kazetariek alde egin dute 

Erabaki hori, azken orduko hau bezain "polemikoa" izan da. iritzi sailaren arduraduna David Shipley edo Cameron Barr kazetari historikoa, ez dira alde egin duten bakarrak izan ezta lehenengoak ere.

Urtarrileko lehenengo astean Ann Telnaes karikaturagileak The Washington Post-entzat lan egiteari utziko ziola adierazi zuen, karikatura bat zentsuratu ziotelako. Karikaturak AEBtako enpresaburu dirudunek Trumpekin duten adiskidetasuna salatzen zuen eta haien artean Bezos ageri zen.

Debekatutako karikaturan Mark Zuckerberg/Facebook eta Metaren sortzailea eta zuzendaria, Sam Altman/AI zuzendaria, Patrick Soon-Shiong/LA Times argitaletxea, Walt Disney Company/ABC News, eta Jeff Bezos/Washington Posten jabea azaltzen dira. Ann Telnaes