Frantziako Justizia ministro Nicole Belloubet Baionan izan da ostegunean, G7ri buruzko bilana egitera etorri da. Ministroaren bisitaren karietara, Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren askatzeari buruz galdetua izan da. Belloubetek ez du gaiaz mintzatu nahi izan.
Frantziako Justizia ministro Nicole Belloubet Baionan egon da ostegunean, G7ri buruzko bilana egitera etorri da. Ministroaren bisitaren karietara, Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren askatzeari buruz galdetua izan da. Belloubetek ez du gaiaz mintzatu nahi izan.
Ipar Euskal Herriko kazetariek Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren egoerari buruz galdeturik, Frantziako Justizia ministro Nicole Belloubetek honela erantzun zuen: “Ez dut erabakitzeko dauden auziei buruzko posiziorik hartzen”.
Aspaldikoa da Xistor baldintzapeko askatasunean atera dadin eskaera egina dela. Justizia Ministerioak Estatuko prokuradorearen jarrerari men egin dio orain arte. Izan ere, “Haranburu askatzeak ordenu publikoari eraso egingo liokeela” argudiatu izan du prokuradoreak. Bake Bideak behin eta berriz esan duenez, prokuradorearen jarrera horrek “Euskal Herrian bake prozesu bat zabaldua dela ukatzen du guztiz”. Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak, prokuradoreak “Xistor askatzeak ordenu publikoari eraso egingo lioke” esatea deitoratu du berriz ere. “Euskal presoa libre egoteak ez dituela berriz armak hartuko bermatzen entzutea zentzugabea da”, gehitu du Etchegaray-k enegarren aldiz.
Haranburuk hogeita hamar urte bete ditu espetxean. Bere askatasun eskaera aztertzeko dei auzia izan da irailaren 5ean Parisen. Auzitegiaren erabakia urriaren 8an ezagutaraziko da.
Xistor presoaz gain, Frantziako justiziak hainbat euskal presoen inguruan ebatzi beharko du irailean. 11n, Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteko eskaerari buruzko bigarren auzi saioa izanen da. 12an aztertuko da Lorentza Beirieren askatasun eskaera. Hilaren 25ean, osasun egoera larrian dagoen Ibon Fernandez presoaren zigorra etetea ala ez, erabakiko du.