argia.eus
INPRIMATU
Jean-Marie Le Pen: nazismoa eta “arrazen mailakatzea” asumitzen zituen politikaria
  • 96 urterekin hil da Jean-Marie Le Pen, eskuin-muturreko aurpegi ezaguna, Frantziako Estatuan urtez urte indartu egin den Fronte Nazionalaren sortzailea. Ahoan bilorik gabe aritu izan da beti eta beti bere ideia arrazistak zabaltzen. Ideia arrazistak ereiten, eta uztak jasotzen: 1972an alderdia sortu eta poliki-poliki sendotu eta azkartu egin da, 2002an presidentetzarako bigarren itzulian kokatzeraino. Artikulu honetan jaso ditugu bere izaera eta helburu politikoak islatzen dituen zenbait adierazpen esanguratsu.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko urtarrilaren 09a
Jean-Marie Le Pen, 1985eko urtarrilaren 13ko prentsaurrekoan. Argazkia: AFP Jean-Claude Delmas

Alaba ez badu presidente ikusi ere, bere ideiak herritarren artean errotuak direla eta agintaritza ere eskuin muturreko ikuspegitik bideratzen dela eman du azken hatsa Jean-Marie Le Penek. Ondokoa irakurri daiteke bere heriotzaren biharamuneko Libération egunkarian, Zebda musika taldeko Magyd Cherfi-ren eskutik: "Hilda egon daiteke, baina ezin kenduzko urrin nazkagarri batek hor segitzen du bizirik, arriskuan dagoen 'zuriaren' ideia zentzugabea utzi digu, ordezkapen handiarena, zibilizazioen arteko gerrarena, hots, ankerkeriarena, zentzuzkotzat aurkeztua zaigun ankerkeriarena. Baliteke hilda egotea, baina noraezean dagoen mundu baten biktima unibertsal bilakatu du 'zuria'. Hilda dago, baina arriskuan dagoen 'zuriaren' ideia insuflaturik hil egin da eta denek sinesten dute horretan. Hori dugu bere ondare zaratatsua, erorketara garamana".

Nazien aldekoa

Fronte Nazionaleko diputatu zela, Holokaustoa Bigarren Mundu Gerrako "xehekeria" baino ez zela izan adierazi zuen 1987ko irailean. Zehazki ondokoa adierazi zuen: "Ez diot gas ganberak existitu ez zirenik, ezin izan ditut ikusi eta ez dut galdera zehazki aztertu, baina uste dut Bigarren Mundu Gerraren historiako xehekeria direla". Arrazakeriaren aurka dabiltzan hainbat elkartek salaketa jarri zuten bere aurka eta errudun gisa epaiturik, milioi bat libera ordaindu behar izan zieten.

1997an berriz ere berretsi egin zuen "historiako xehekeriaren" adierazpena Alemaniako Munich hirian, Waffen-SS egiturako Franz Schönhuberren ondoan zela. Lagun hurbilak ziren biak, eta Le Pen, der Rebell (Le Pen, errebeldea) liburua plazaratu zuen naziak, politikari frantsesaren biografia bere erara laburbilduta.

Eduki politikoa zuten diskoak ekoitzi eta zabaltzeko helburuarekin, sortu zuen diskoetxe bat 1963an. Besteak beste, Hirugarren Reichari buruzko hainbat disko plazaratu zituen 1965etik aitzina, garai hartako kantuak eta diskurtsoak zabaltzeko. Tartean, mezu hau entzun zitekeen: "Adolf Hitler eta Alderdi Nazionalsozialista boterera heltzeko bidea, masen mugimendu indartsu bat ezaugarri zuena, erabat popularra eta demokratikoa izan zen azken finean".

Nazien izugarrikeriak gutxiesten zituelako, "gizadiaren aurkako krimenak ukatzeagatik” behin baino gehiagotan zigortu zuten.

Hori horrela, nazien izugarrikeriak gutxiesten zituelako, "gizadiaren aurkako krimenak ukatzeagatik” behin baino gehiagotan zigortu zuten.

Arrazen mailakatzea

"Arrazen arteko ezberdintasunak" baieztatu izan ditu behin baino gehiagotan. Ondoko adierazpena dugu segur aski ezagunena: "Noski, ezberdintasunak daudela arrazen artean, ez dituzte gaitasun berak, ez dituzte bilakaera historiko berak". Ikuspegi arrazista horren harira ere behin baino gehiagotan zigorturikoa izan da. Nagusiki arabiarrak, baina txinatarrak eta ijitoak ere ditu anitzetan iraindu eta gutietxi. Jarrera diskriminazioei segi, homofobiagatik ere epailearen aitzinetik pasa behar izan zuen. "Anomalia biologiko eta soziala" da homosexualitatea bere ustez.

Immigrazioaren mamua

Etorkinen kontrako diskurtso baztertzailea ukan du beti. Besteak beste, horra adierazitakoa: "Frantzian bost milioi ez, baina 25 milioi musulman ukanen ditugun egunean, haiek dute manatuko, eta frantsesak espaloitik jaitsiko gara, begiak apal, uzkur"; edota, "gure herrian benetako inbasioa bizi dugu, kanpoko hiriak osatzen dabiltza [etorkinak]".

Migratzaileen kontrako herra bideratzeak dramak ere eragin izan ditu. Bi aipatzearren, Brahim Bouarram arabiarra Sena ibaian ito zuten eskuin muturreko aktibistek 1995ean, Fronte Nazionalaren desfilearen egun berean; eta urte berean Ibrahim Ali ere hil zuten Fronte Nazionalaren afitxak kolatzen ari ziren faxista batzuk.

Aljeriako gerran, torturatzaile ospetsua

Torturatzailea zen Jean-Marie Le Pen, torturatzeari ikusten zion funtsa eta ez zuen zailtasunik horren asumitzeko: "Pertsona bat torturatu behar bada beste ehunen salbatzeko, orduan tortura saihetsezina dugu; ohiz kanpoko baldintzetan jardun behar denean justua ere da". Bere hitzak dira, 1957an Le Monde egunkariari errandakoak. Aljeriako gerran torturatzaile izan zela dioten dozenaka lekukotasun bilduak izan dira hainbat liburu, erreportaje eta ikerketetan.

Gaur egun bere alaba Marine Le Penek gidatzen duen Batasun Nazionala alderdiaren oinarrian hori guztia dugu. Marine alabak alderdiaren itxura eztitzea erabaki zuen 2011n, aitari lekukoa hartzerakoan. Diskurtso eta tonu aldaketaren atzealdean, ordea, jendarte proiektu arrazista bera dugu. Horren berri eman genuen 2022an, Deabruaren irudia eztitu arren, proiektu politiko berdinarekin segitzen du Le Pen klanak erreportajean.