argia.eus
INPRIMATU
Jean-Luc Godard zinemagilea hil da
  • 1960ko hamarkadan egin zen ezagun Jean-Luc Godard, zinemagintzaren kodeak hautsi eta berrasmatu zituen zuzendaria eta Nouvelle vague mugimenduko ordezkaria. Rollen (Suitza) eman du azken hatsa, 91 urte zituela.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 13a
Jean-Luc Godard 1968an. Argazkia: Gary Stevens

1930ean Parisen jaioa, Suitza eta Frantzia artean igaro du bizia Jean-Luc Godardek. Libération egunkariak jaso duenez, lagundutako suizidio bidez hil da. Gerraosteko Parisen ugari ziren “zineklub” intelektualetan topatu zuen bere tokia. Ëric Rohmer, François Truffaut eta Nouvelle vague-ko beste zuzendari batzuen moduan, zinema kritikari gisa hasi zuen ibilbidea 50eko hamarkadan, Cahiers du Cinema aldizkarian, besteak beste. Aldi berean film laburrak egiten hasi zen, eta 1959an egin zuen lehen film luzea: À bout de souffle, arrakasta nabarmena eduki zuen filmak eta Nouvelle vague mugimenduaren oinarrizko lanetako bat bilakatu zen. Hasieratik amaierara zalantzan jarri zituen zinemagintzaren konbentzioak, egile-zinema forma bat sortuz.

1960ko hamarkadan abiada hartu eta film ugari sortu zituen Godardek, urtean bat baino gehiago egiteraino. Aljeriako gerrari buruzko Le Petit Soldat izan zen bere hurrengo filma; 1960an grabatu zuen, baina 1963 arte ez zen argitaratu, Frantziako Estatuak Aljerian zuen jarduna zalantzan zuela-eta zentsuratu baitzuten. Godardek 60ko hamarkadan egin zituen film askotan ageri ziren 1968ko maiatzean lehertu ziren ezinegona eta aldarriak. 1968an Canneseko festibala eteten lagundu zuen, Parisko erreboltekin elkartasunez.

La Chinoise (1967) filmean aholkulari lanetan aritu zen Jean-Pierre Gorin zinemagilearekin batera Dziga Vertov taldea sortu zuen 1968an, joera maoistako film politikoak sortzeko asmoz. Bederatzi film ekoitzi zituen taldeak, 1968 eta 1972 artean. Garai hartan dagoeneko mundu mailan ezaguna zen Godard, baina gutxika bere erreferentzia itzaltzen joan zen. 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera zinemagintzatik urrundu zen eta bideoekin lanean hasi zen. 1980an itzuli zen zinemagintzara, Sauve qui peut (la vie) filmarekin, eta zazpi urtean zazpi film luze egin zituen. 1988tik 1998ra Histoire(s) du cinéma zortzi filmeko saila osatu zuen.

2010ean Film Socialisme izeneko filma egin zuen, eta bere ibilbideagatik Oscar saria jaso zuen. Hurrengo urteetan 3D teknologiarekin esperimentatu zuen, eta horren emaitza izan zen 2014ko Adieu au langage filma, Canneseko Epaimahaiaren saria jaso zuena. 2018ko Le Livre d’image film esperimentala izan zen bere azkena.

Jean-Luc Godarden hainbat filmen euskarazko azpidatziak eskura daitezke Azpitituluak Euskaraz webgunean:

Vivre sa vie https://azpitituluak.eus/1405853704

A bout de souffle https://azpitituluak.eus/1507274661

Le mépris https://azpitituluak.eus/1512739014

Alphaville https://azpitituluak.eus/1426487833