argia.eus
INPRIMATU
Frantziako presidentzialak
Jean Lassalle biarnesa, frantziar presidente izateko hautagai xelebreena
  • Jean Lassalle biarnesa da euskaldunengandik hautagai hurbilena Frantziako presidentzialetan. Pirinioen magaletan hazia da. Auzapeza, diputatua eta laborari-semea da. Aukerarik gabeko sei hautagaietako bat da.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko apirilaren 21a

Hautagai atipikoena da. Frantziako Legebiltzarrean –YouTouben ikusgai– bere agerraldiak famatuak dira Frantzia osoan. Kanpainan erran duenez, bigarren itzulian Marine Le Pen eta bera izanen dira hautagaiak. Umore biziko menditarra eta ironia handiko diputatua.

Bere protestek oihartzun handiak izan dituzte Hexagonoan, laborarien errebindikazioen aldeko protesta martxa egin zuen 2013an. Bere programaren puntu nagusietako bat laborantzari atxikia da. Presidentea izanez gero, Frantziako laborantza politika goitik behera aldatuko duela promestu du. Bere hitzetan, Frantziako laborariak, mendialdekoak bereziki, desagertzeko bidean daude.

Euskaldunengandik hurbilen dagoen hautagaia da, geografikoki bistan da, Pirinioetako Aspe ibarreko Urdioz-Itzera herrian sortua da. Gainerakoan, MoDem alderdiaren (Mouvement démocrate) kidea da, eta haren izenean diputatua 2002az geroztik.  

Honako hauek dira berarekin batera aipatu sei hautagaiak, bost faboritoekiko hautagai disidenteak edo sateliteak ere deituak. Inkestek honelako emaitzak ematen dizkiete: Nicolas Dupont-Aignan: % 4 Jean Lassalle: % 1. Philippe Poutou: %1. Nathalie Arthaud: % 0,5. François Asselineau: %0,5. Jacques Cheminade: %0,5.