argia.eus
INPRIMATU
Jean-Jacques Urvoas izango da Frantziako Justizia ministro berria
  • Christiane Tauvirak kargua utzi ostean Jean-Jacques Urvoasek (1959, Brest, Bretainia) hartuko du lekukoa. Manuel Vallsen hurbilekoa, Frantziako Gobernuaren lege polemikoek parlamentuan babesa izatearen arduradun nagusia da. Orain, “terrorismoagatik” atxilotutakoei herritartasuna kentzeko legea aurrera ateratzea izango da bere zeregina.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 28a
Christiane Tauviraren eta Jean-Jacques Urvoas Eliseotik ateratzen.

Alderdi Sozialistako kidea eta zuzenbide irakasle da unibertsitatean. Bretainako erregioko kontseilari izan zen 2004tik 2007ra. Ostean, Asanblea Nazionalerako aukeratu zuten Finisterreko (Bretainia) lehen barrutiko diputatu gisa; horretan aritu da ordutik. 2009an Alderdi Sozialistan segurtasun gaien arduradun aukeratu zuten, eta 2012an Frantziako Asanblea Nazionaleko lege batzordeko presidente. Postu garrantzitsuak izan ditu alderdiaren barruan, baina François Hollande presidente aukeratu zutenean ministeriorik ez eskaintzeak desilusionatu egin zuen.

Orain, ministerio garrantzitsuenetako bat eskuratu du, eta bada zergatirik erabaki horren atzean. Justizia ministro bezala, Urvoasen zeregin nagusia izango da parlamentuko gehiengoaren, oposizioaren eta gobernuaren artean akordioa lortzea “terrorismoagatik” zigortutakoei Frantziako herritartasuna kentzearen konstituzio aldaketa aurrera ateratzeko. Lege horren aurkako jarrera izan da hain justu Taubirak kargua galtzearen arrazoia. Urvoasek ez du inoiz defendatu lege aldaketa, baina ez du publikoki aurka egin. Justizia ministro berriak jakinarazi du urtarriletik “isilpean” lanean ari dela lege berria aurrera ateratzea posible egingo duen gehiengoa lortzeko. Diputatu sozialisten ustez, hautagai perfektua da “katramila askatzeko”.

Hizkuntza gutxituen Euro-itunaren egile

Diputatu gisa, parlamentuan hainbat lege aurrera ateratzearen arduradun izan da. Besteak beste, 2013an funtzionarioek euren ondasunak publiko egiteko legea, 2014an “terrorismoaren aurkako” legea,  eta iaz zerbitzu sekretuei ahalmen gehiago emateko Inteligentzia legea. Azaroko atentatuen ostean ezarritako emergentzia egoera luzatzea eta parlamentuaren kontrolpean izatea ere lortu zuen.

Hizkuntza gutxituen Euro-itunaren aldeko testua ere berak prestatu zuen 2014an. Bretoia da, eta bretoieraren aldekoa da. Ikusteko dago, ministro bezala ezer egingo duen hizkuntza gutxituen alde. Urvoas aukeratzea Gobernuaren keinua ere bada parlamentuari. Azken bost urteotan Justizia ministro berria Asanblea Nazionaleko “oinarrietako” bat bilakatu baita.