argia.eus
INPRIMATU
Jean Haritschelharren heriotzak sortutako erreakzioak
  • Hainbat erreakzio izaten ari da Jean Haritschelhar baigorriarraren heriotza. Euskararen eta euskal kutluraren inguruko pertsonen eta politikarien hitzak zabaltzen ari dira.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 02a
Jean Haritschelhar zendu da 90 urterekin eta Euskal Herrian erreakzioak badaude dagoeneko (Argazkia: euskonews.com). euskonews.com

Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Euskal kulturaren arlo desberdinetan garrantzitsua eta pisuzkoa izan da. Azpimarratzekoa da egindako ahalegina eta utzi digun mezua: konfiantza eta lana etorkizun hobe baten esperantzan euskararentzat eta euskal kulturarentzat”. Jean Haritschelharren lana omenduz artikulu bat idatzi du.

Pantxoa Etxegoien (Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria): “Euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lan ikaragarria goretsi nahi dut. Euskal Kultur Erakundearen sortzaileetako bat izan zen, eta hurbiletik segitu eta sustengatu izan du bertako lan ildoa”.

Xarles Bidegain (Euskaltzaindiako presidente ordea): “Euskararen laguntzaile eta bultzatzaile handi bat izan da. Larderia handiko gizona, errespetua sortarazten zuena eta aldi berean jendearenganako errespetua zuena”.

Politikagintzan ere erreakzioak ikusi dira.

Eusko Jaurlaritza: "Haritschelhar literatura ikerlari eta euskaltzainak bizitzaren zatirik handiena eskaini zion gure hizkuntza ikertzeari. Maila honetako pertsonen ahaleginari esker izan da posible euskararen biziraupena XXI. Mendean".

Udalbiltza: “Jean Haritschelharrek urte askotan egindako lana azpimarratu nahi dugu. Euskarari balioa eman zion eta gizartean zabaltzeko lan egin zuen”.

Iñigo Urkullu (Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakaria): “Baigorriarraren heriotza galtze handia da bai kultura mailan, baita gizaki mailan ere. Euskal kulturaren aldeko langile nekaezina zen".

Martin Garitano (Gipuzkoako aldun nagusia): “Kontuan izan behar dugu euskararen alde lan eskerga egin zuela. Euskarak eta euskaldunok asko zor diogu".

Laura Mintegi (EH Bildu): "Jean Haritschelhar zendu da. Euskaltzaindia doluz dago. Gizon handia zentzu zabalenean".

Ikerne Badiola (Eako idazkaria): “Jean Haritschelharrek euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena ezinbestekoa izan da".

PSE-EE: "Euskarari emandako bizitza bat, ideologia guztien gainetik".