Jean Haritschelhar idazle, politikari eta euskaltzainburu ohia (Baigorri, 1923) hil da Miarritzeko erietxean, 90 urte zituela. Hil kapera Baionako beilatokian jarri dute, eta hileta asteazkenean egingo da Baigorrin.
Hil kapera arratsaldeko 19:00ak arte izango da gaur zabalik. Hileta, bestalde, 16:00etan egingo da asteazkenean.
1989an izendatu zuten euskaltzainburu
1966tik 1988ra bitartean euskaltzainburuorde izan zen eta 1989an izendatu zuten euskaltzainburu, Luis Villasanteren lekuan. 2004ko abendura arte izan zen euskaltzainburu. Andres Urrutiak hartu zuen bere lekua.
Arlo profesionalean, irakasle izan zen, 1952tik 1959ra Agen-eko lizeoan eta 1962tik 1986ra Bordeleko Unibertsitatean. 1969an Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedradun izendatu zuten.
1962an Baionako Euskal Museoko buru izendatu zuten, eta urte horretan hautatu zuten Euskaltzaindiak euskaltzain oso.
Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik. Euskaltzaindian baitan, Literatura Ikerketa batzordeburua ere bazen, 2005az geroztik.
1971tik 1980ra bitartean Baigorriko alkate izan zen. 1988an, EHUk “Honoris Causa Doktore” izendatu zuen.
Biografia osoa, Euskaltzaindiaren webgunean.
Jean Haritschelhar ARGIAn: