argia.eus
INPRIMATU
Jean Grenet zendu da, 1995etik 2014ra Baionako auzapez izandakoa
  • Eskuineko politikari ezaguna zendu da otsailaren 23 honetan. Baionako auzapez izateaz gain, kontseilari orokor, eskualde mailako kontseilari baita diputatu ere izandakoa da Grenet. 81 urte zituela hil da, eritasun luze baten ondorioz.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko otsailaren 23a
81 urterekin hil da Jean Grenet (argazkia France Bleue PB)

Jean Grenet, Baionako Grenet dinastiako aurpegi ezaguna zendu da otsailaren 23 honetan, 81 urte zituela. Eritasun luze baten ondorioz hil da baionar politikari ezaguna. Auzapezorde zela, 1995ean hartu behar izan zuen Baionako herriko etxeko auzapezaren aulkia, ordura arteko alkate izandako Henri Grenet bere aitaren heriotzaren ondorioz. 2014a arte atxiki zuen auzapez kargua, urte horretan ez zen aurkeztu eta Jean-Rene Etxegaraik hartu zion aulkia.

Greneten heriotza "Baionarentzako eta baionarrentzako galera handia" dela ihardoki du Etxegaraik, heriotzaren berri ukan bezain laster:

 

Argi eta garbi eskuineko politikaria zen, frantsesa eta luzaz atxiki zituen euskaldunen eta Euskal Herriaren ezagupenaren kontrako posturak. Hala ere, 2011ko Aieteko Bake Konferentziaz geroztik postura tinkoa malgutu zuen: "Gudu horrek sobera iraun du; bake iraunkorra behar dugu, eta bide horretara doazen keinu guztiak sostengatu behar dira. Frantziari doakionez, uste dut (presoen hurbilketari buruzko) lege proposamena ildo horretatik doala, eta horregatik dut suhartasun handiz defenditu", adierazi zuen adibidez 2012an Berria egunkariari eskainiriko elkarrizketan. Baina, hitzei mugatu zen, eta ez zen sekula azkarki inplikatu Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konponketaren alde.

Politikari, Baionan, Pauen, Bordalen zein Parisen

Hainbat esparrutan hautetsi izandakoa da Jean Grenet: Baionako auzapeza izan zen 1993tik 2014 arte, eta Frantziako Legebiltzarreko diputatua 2002tik 2012ra. Bestalde, eskualde zein departamendu mailan ere izan zituen ardurak. Hautetsi kargu ezberdinak aldi berean betetzen aritutakoa da, baina inoiz ez zuen karguen metaketa hau arazo gisa ikusi.