argia.eus
INPRIMATU
“Jazarpen politikoa dago muntaia polizial honen atzean”
  • Aitor Martinez eta Beñat Ereño gazte laudioarrak epaituko dituzte Espainiako Entzutegi Nazionalean maiatzaren 3an. Terrorismoa goratzen dituzten pintaketak egitea leporatu diete. Eurek adierazi dute muntaia poliziala izan dela dena, eta horren nondik norakoak azaldu dituzte.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2017ko apirilaren 28a
Beñat Ereñok eta Aitor Martinezek ez dute irribarrea galtzen nahiz eta laster epaituko dituzten. / aiaraldea.eus
Zein da zuen egoera orain?
Beñat Ereño: Urtebeteko kartzela zigorra, 7 urteko gaitasungabetze osoa, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 2.520 euroko isuna eskatzen du fiskaltzak.
 
Gainera, Entzutegi Nazionalari eskatu genion idazkera probak egitea, baina epaileak ukatu egin dizkigu. Epaiketa maiatzaren 3an izango da Madrilen goizeko 10:30ean.
 
Zerk eraman zaituzte Madrilen epaituak izatera?

B. E.: Laudioko Ertzain Etxeko polizien arabera, Aitorrek eta biok zenbait pintaketa egin eta terrorismoa goratu genuen. Muntaia poliziala egin dute.

Gure etxera etorri ziren abenduaren 16an goizeko zazpiak aldera, komisariara joatea eskatzeko. Nire kasuan gurasoen etxera jo zuten. Handik deitu ninduten esateko nire aita ez zutela topatzen, eta komisariara joan behar nintzela, bertan azalpen gehiago emango zizkidatelako.
 
Behin Ertzain Etxean nengoela jakinarazi zidaten bertaratzeak ez zuela zerikusirik nire gurasoekin, baizik eta eurak laguntzea nahi zutela. Argazki batzuk erakutsi zizkidaten eta ez zenez ezer ikusten, iradoki zidaten Laudioko norbaiten izena emateko, bestela ni epaituko nindutela Madrilen. Ertzaintzaren ustez, margoketak nik ez nituela egin jakinda, pena zen Entzutegi Nazionalean bukatzea.
 
Aitor Martinez: Hori bere aldetik. Izan ere, norbera bere kabuz joan zen. Kanpoan topo egin genuen. Nire kasuan ez zidaten argazkirik erakutsi. Besterik gabe eskatu zidaten Laudioko jendearen izenak emateko, zin eginda ez zutela esango ni izan nintzela izen horiek eman zituena.

Idazkera proba eskatu zenuten. Zergatik?
A. M.: Alde batetik, esan behar dugu proba horiek poliziak egiten dituela, eta ez direla batere fidagarriak. Hori subjektiboa da, baina guztiz objektiboa da poliziaren irudietan agertzen diren pertsonak eskuinez egin zituztela pintaketak.
 
Ertzaintzak berak horrela jaso du txostenean, biek eskuinez idazten dutela. Horregatik da garrantzitsua. Guk ez daukagu aurrekaririk. Nik frogatzen badut ezkerra erabiltzen dudala idazteko, euren argudio guztiak botako ditut segidan.

Euren logika osoa apurtzen da. Nire susmoa da komisarian idazki bat ezkerrez sinatzen nuela ikusi zutenean erabaki zutela idazkera proba oztopatzea.

Zertan oinarritzen da zuen aurkako epaiketa?
A.M.: Bi parte ditu akusazioak. Alde batetik, argazkiena, ez gara gu agertzen diren bi pertsonak. Ni irudietakoak baino garaiagoa naiz eta Beñat txikiagoa.

Gainera, ni ezkertia naiz. Hala ere, polizia batek dio identifikazio batean % 90ean ziur dagoela eta bestean % 70ean. Horrekin ari dira saiatzen itxura objektiboa ematen.
 
Baina muntaia poliziala egiteko oinarri juridikoa erabili dute. Berez, duela 2 edo 3 urte Beñatek eta biok epaiketa izan genuen; eta hori erabili nahi dute froga moduan.
 
Edonola ere, fiskalak akusazioak erretiratu zituen eta absolbitu gintuzten. Pintaketa batzuk egiteaz akusatu gintuzten baina inoiz ez dute frogatu gu garenik horien egileak. Edozein kasutan, zigortuak izan bagina ere, proba horiek ezingo lituzkete orain erabili, ez baita konprobatu gu izan ginenik. Horretarako egiten harrapatu behar gintuzten, edo idazkera proba egin berresteko. Alabaina, ez dute bata ez besta egin. Ondorioz, poliziak faltsutu du gertatutakoa, eta gezurrak esan ditu. Hortaz, absolbituak izandako epaiketa erabili nahi dute frogatzeko gu izan ginela.

Atzekoz aurreko logika da, duela bi urteko pintaketak baliatu nahi dituzte beste margoketa batzuk guri leporatzeko, nahiz eta ez duten frogatu nork egin zituen.

Zer uste duzue gertatuko dela epaiketan?
B. E.: Angela Murillo da epailea eta badakigu zer nolako jarrera duen. Ziurrenik eskaeraren zigor osoa edo guztia egokituko zaigu; eta guk onartuko dugun gauza bakarra absoluzioa da. Guk ez ditugu pintaketak egin ,eta frogatu dezakegu; uzten badigute, jakina.

Entzutegi Nazionalak ez bagaitu absolbitzen, Epaitegi Gorenera joko dugu, edo Konstituzionalera.
 
A. M.: Aurrekariak ikusita, ezin gara oso itxaropentsuak izan. Ez da ohikoa prozesua hain azkarra izatea. Abenduaren 16an gure etxeetara etorri baziren, bi asteren buruan izan zen deklarazioa, eta dena izaten ari da erlojupean.
 
Oso modu zorrotzean betetzen ari dira epeak. Adibidez, epaiketaren berri emateko hilabeteko epea beharrezkoa da; eta hori izan da, hain zuzen, eman digutena. Apirilaren 3an jakinarazi ziguten eta maiatzaren 3an izango da epaiketa. Horrela, bide batez, ekidin dute guk frogak aurkezteko denbora izatea.
 
Zein izango da zuen jarrera?

B. E.: Herrian hasi gara plataforma sortzen, informazioa zabaltzeko kalean zein sare sozialetan. Gutxiengo interpelazioa egin nahi diogu Laudioko Ertzaintzari. Salatu nahi dugu muntaia poliziala dela eta inpunitate osoz egin dutela.

A.M.: Helburua da erakustea askotan hitz egiten dugula muntaia polizialez, baina ez dugula urrun jo behar, gure herrian ere gertatzen direla. Gure lanketa horrelako gauzak hemen gertatzen direla salatzera bideratuko dugu, modu errazean eta ur handitan erori gabe.
 
Ezin dugu esan hau edozeini gerta dakiokeenik, izan ere, jazarpen politikoa dago atzean. Hau leporatzen digute politikoki ezagutzen gaituztelako; edo, hobe esanda, uste dutelako politikoki ezagutzen gaituztela.

Oinarri politikoa erabilita egiten dute hori. Zentzu horretan, muntaia poliziala izanik, helburua jazarpen politikoa da, ez isun administratiboa; baizik eta Madrilgo Entzutegi Nazionalean epaituko den kasua,  modu politikoan epaituko baitute.

Albiste hau Aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra