argia.eus
INPRIMATU
32 eragilek babestu dute Ernai eta Jaurlaritzari eskatu diote “jazarpen estrategia” amai dezala
  • Apirilean Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gazte antolakundeko 133 kideri jarritako isunen harira manifestua aurkeztu du Ernaik. Euskal Herriko 32 eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikok egin dute bat idatziarekin. Isunek antolakundea “itoarazi eta politikoki ezeztatu" nahi dutela ohartarazi dute.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 14a
Manifestua irakurri dute asteazkenean Gasteizko Andre Maria Zuriaren enparantzan Ernai

Ernaik eta beste hainbat eragile sozialek “Euskal Herrian mugimendu sozialen aurka” abian dagoen “jazarpen estrategia” amai dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, asteazkenean Gasteizko Andre Mari Zuriaren enparantzan eginiko agerraldian. Ernaiko kide den Amaiur Egurrolak irakurri du manifestua.

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen espetxeratzearen aurkako Bilbon zein Gasteizen egindako mobilizazioen harira jaso zituzten isunak 133 gaztek, Mozal Legearen bitartez. 1.500 eta 2.500 euro bitartekoak dira, eta osotara 290.500 euroko zigor ekonomikoa litzateke Ernairentzat. Horrek antolakundea “egoera oso larri batean” kokatzen duela adierazi du Egurrolak eta isun horiek Ernai “ekonomikoki itoaraziz politikoki ezeztatzeko helburuari erantzuten" diola ikusten dute. Apirilean helegiteak aurkeztu zituzten kideek, eta hala banan-banan aztertuko dira kasuak. Azaroaren 28an izango dira lehen epaiketak.

Ernaiko kideak Gasteizko Ertzaintzaren komisaldegian kateatu ziren.  Ernai
Bilbon errepidea moztu eta eraikinera kateatu ziren Ernaiko kideak.  Ernai

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila egin du erantzule Ernaik. “Izan ere, Segurtasun Sailak aspalditik eskema berdintsu bat baliotu du mugimendu sozialen protesten aurka egiteko; mugimendu sozialak eta horien aldarrikapenak kriminalizatu, protesta sozialak jazarri eta azken bitarteko gisa mugimendu sozialetako militanteak isundu edota atxilotu”. Segurtasun Sailari eskatu diote herritarren adierazpen askatasuna errespeta dezala.

32 eragileren babesa

Ondorengoak dira Ernairen manifestua sinatu duten Euskal Herriko eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikoak: AHT Gelditu! Nafarroa, Alternatiba, Aroztegiko Elkartasun Komitea, Bilboko Konpartsak, Bilgune Ekosoziala, Bilgune Feminista, Contrapunto Decolonial, EH Bildu, EHGAM, EHko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, ESK, Eusko Alkartasuna, Ekologistak Martxan, Emakumeen Mundu Martxa, Etxalde, Extintion Rebellion (Bizkaia eta Iruñea), Gazte Abertzaleak, Gazte Feministak, Gasteiz Antirrazista, Gurea Geroa (EHko pentsionistak), Haritu, Ikama, Jauzi, Joxemi Zumalabe, LAB, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Olatukoop, San Fermines 78, Sortu, Steilas, Sustraiak, Yalah Nafarroa con Palestina.