Asturiasko Colectivo Bruxista argitaletxeak gaztelerara itzuli du Jayne County musikari transgenero estatubatuarreren autobiografia: Man Enough To Be a Woman. Rock transgeneroaren aitzindaria da County, baita sortzen ikusi zuen punk eszenaren diva izandakoa ere. Lerrootara ekarri ditugu haren bizitzako zenbait pasarte.
Jayne County musikaria 1947ko uztailaren 13an jaio zen Wayne Rogers izenez, AEBetako hegoalde kontserbadorean, Georgian. Giro tradizional horretan jaio izanagatik ere, familiako kideen aldetik, ia guztiak emakumeak, begirunea baino ez zuen jaso. Ama, amama eta izebarekin bizi zen, eta lehengusinekin jolasten zen. “Oso eroso sentitzen nintzen giro femenino hartan”. Hala, etxetik amamaren soineko zaharrekin eta panpinekin aritzen zen. “Waynek neska izan behar zuen”, esaten zuen amonak.
Countyk Man Enough To Be a Woman autobiografian jasotzen duenez, “hegoaldeko haur maritxu bat izan nintzen, neskatxa bat. Ez dakit nire inguruneagatik izan zen, nire organismoko hormonengatik, edo bi gauzengatik. Amari estrogeno kopuru handiak injektatu zizkioten nitaz haurdun zegoela, desoreka hormonal hereditarioa baitzuen. Baina ezbairik gabe, inguruak zerikusia izan zuen, kasik emakumez soilik inguratuta bizi izan bainintzen”.
Countyk, baina, laster utzi zuen bere jaioterria New York, Londres eta Berlin ezagutzeko. Hiru hiri horietako eszena undergroundetan murgildu zen, bai eta hiruretan nabarmendu ere, sekula ospe handirik lortuko ez zuen arren. Undergroundeko antzezle eta musikari bilakatu zen, lurrazpiko izakien aitortza jaso arte. Hala haragitu zen XX. mendeko historia kontrakulturaleko funtsezko pertsonaia, betiere bigarren mailan kokatuta, bere trans izaera tarteko. Izan ere, pop kultura askatzailea zen, baina industria, aldiz, kontserbadorea. Hain zuzen ere horrexegatik, diskoetxeekin izan zituen harremanak gatazkatsuak eta, gehienetan, antzuak izan ziren. Eta horretaz gainera, konpainietako gizonen aldetik hainbat jokabide baztertzaile pairatu zituen. “Trans izateagatik publizitate asko lortu dut, baina benetako arrakasta izateko oztopoa izan da”, dio.
Bere ibilbidean aztarna utzi du Countyk. Punk estetikaren sustatzaile nagusienetako bat izan da; 1969 urtean, New York hiriko Stonewall-eko erreboltan parte hartu zuen, zeina AEBetako LGTBIQ+ eskubideen aldeko mugimenduaren katalizatzaile bihurtu zen; Max´s Kansas City areto ezaguneko disko jartzailea izan zen; Andy Warholen film eta antzezlanetan parte hartu zuen; David Bowiek sortutako Ziggy Stardust pertsonaiaren eragin zuzena izan zen; punk-ak eztanda egin zuenean, Londresen zegoen The Electric Chairs taldearekin; The Police taldearekin bira egin zuen Europan barrena… Hartara, bere ondorengoen aurretik aritu arren eta hastapenetatik izaera aitzindari apurtzailea erakutsi arren, gibelekoek aurrea hartu zioten, zegokion sona eta aitortza guztia beraiek jasotzeko.
Bere bizitza gorabeheratsu bezain amultsua 1993. urtean idatzitako Man Enough To Be a Woman –bere kantu baten izenburua da– autobiografian jaso zuen estatubatuarrak. Liburua gaztelaniara itzuli du Asturiaseko Colectivo Bruxistak, eta itzulitako edizioan Countyk 2021. urtean idatzitako gibel solas oparoa jaso dute. Donostiako Le Mans eta Aventuras de Kirlian taldeetako musikari ohi Ibon Errazkiren bidez ezagutu zuten asturiarrek liburua, eta Errazkinek berak eta Tito Pintadok itzuli dute.
60ko hamarkadako Britainia Handiko rock taldeen oihartzunak sorginduta, eta pertsonaia nagusitzat trabestiak zituen poltsikoko literaturak bultzatuta, Countyk jaioterria utzi zuen Atlantako gay azpikulturan murgiltzeko. “Urtebete eskasean, sasoiko maritxu zalapartatsu batean bihurtu nintzen: jendeari oihu egiten nion erabat makillatuta, mutilei aldarri egiten nien gero haiengandik ihes egiteko (…) Maritxu oihulari batek hori egiten zuen, jendea bere onetik atera”.
1967. urtean Atlanta abandonatu eta autobusa hartu zuen San Frantziskora joateko asmoz, baina lineaz erratu eta New York hirian amaitu zuen. Ibilgailutik jaitsi zenean ezagutzen zuen gay taberna bakarrera jo zuen, Greenwich Village-ko Stonewall ostatura, zeina Amerika guztian zen famatu.
“1969. urteko udan, nire bizitza aldatu zuen zerbait gertatu zen, nahiz eta urteak pasatu ziren bere garrantziaz jabetzeko”. Stonewalleko erreboltaz ari da County.
Poliziak sarekada egin zuen tabernan, bigarrena aste berean, ostiral gaueko 01:00ak aldera eta edaritegia jendez gainezka zegoenean. 200 bezero inguru kalera bota zituzten –lesbianak, gayak, pertsona transgeneroak, ihes egindako nerabeak eta drag queenak–. Jendetza horrek aurre egin zien segurtasunagatik taberna zulo barruan ezkutatu ziren poliziei. Homosexualak ohituta zeuden Poliziarengandik ihes egitera, baina oraingoan beraiek zeuden erasoaldian, eta poliziak erretiratzen. Homosexualen eskubideen aldeko mugimendua ez zen gau hartan hasi, baina indarberritu egin zen; mugimendua sutu zuen txinparta bilakatu zen.
“Miss Peaches eta Miss Marcia, Village-ko trabesti ahozikinak, sutan zeuden. Kalera atera ziren, tabernako atea itxi zuten, barrikada bat egin zuten zaborrarekin, eta su eman zioten, poliziak barruan zeudela. Tabernara iritsi nintzenean, atea kiskalita zegoen, eta Poliziaren kotxeak leku guztietatik iristen ziren”. Garrasi artean, trabestiak txakurren autoetara igo ziren saltoka hasteko: “Gay Power! Gay Power! Gay Power!”. Iskanbilak igandera arte iraun zuen, domekan matxinada urardotu izanagatik ere. Biharamunean, astelehenean, Countyk hippy “oso hetero” batekin egin zuen topo kalean. “Ez du ezertarako balioko (erreboltak)”, esan zion. “Maritxuak ez dira antolatzeko gai”, gehitu zuen . Countyk bere autobiografian azaltzen duenez, jende asko bat zetorren hippyarekin. “Afera ikuspegi politiko batetik aztertu zen arte denbora asko igaro zen, baina istiluak ez ziren ekintza politiko bat izan berez (…) Egun haietan ez genuen trans identitatearen kontzepturik ere”.
Countyren musika ibilbidean makina bat mutazio izan dira. 1972. urtean, Queen Elizabeth taldea eratu zuen, zeinak kontratu bat sinatu zuen David Bowieren management-arekin, baina ez zuen sekula ezer grabatu. Bi urte beranduago, Wayne County And The Backstreet Boys osatu zuen, eta taldeak sarri jo zuen New Yorkeko eszena proto-punkean, hala nola CBGB eta Max's Kansas City areto ezagunetan. Azkenik, 1977. urtean, Londreseko punk leherketa bertatik bertara bizi izan zuen Wayne County & The Electric Chairs taldearekin; azken izen horrekin jo zuen, hain justu, Iruñeko Reverendos aretoan 1995. urtean.
Transgresioa eta probokazioa Countyren jardunaren bi ezaugarri nagusiak izan ziren: sexuaren inguruko hitz mingarriak, soineko deigarriak, eta glam-rocka eta punk-rocka zorrotz zeharkatzen zuten gitarra gordinak, betiere performance arriskutsuetatik gertu zeunden ikuskizunak eskaintzeko. “Makillatzen zen gizon gisa hasi nintzen, arropa eskandalagarriak janzten nituen, eta rock formatuan egiten nuen lan. Ez nuen abesten `dantza dezagun rocka gau osoan´, baizik eta `sar iezadazu´, `zoaz pikutara´ edo `nekez aritzen zara ohean´”.
Jarrera zirikatzaile eta oldarkor horren erakusle The Dictators taldeko abeslari Handsome Dick Manitobarekin bizi izan zuen afera da. 70eko hamarkadan gertatu zen, CBGB aretoko agertokian, The Backstreet Boys taldearekin ari zela. Manitoba borroka libreko borrokalari profesionala zen, eta harropuzkeriaz, irainka hasi zitzaion Countyri: “Marikoi! Marikoi! Trabesti hori!”. Musikariak, halaber, erasokor erantzun zion. Manitoba berotu, eta oholtzara igo zen garagardo pitxer bat eskuan zuela. Musikariak mikroaren oin pisutsuarekin jo zion, klabikula apurtu arte. “Eszenatokitik hegan atera zen, mahai baten kontra jo zuen eta burua ireki zuen izkina batekin”. County erabat trabesti zegoen, pelukarekin eta soineko gorriarekin, eta eskuak eta aurpegia odolez beteta zituen. Ikuslegoa erotu egin zen: “Hil ezazu, Wayne!”. Taldea, bat-batean, Wash Me In The Blood Of Rock & Roll jotzen hasi zen, egokiagoa ezin. Manitobak epaitegira eraman zuen County, baina The Dictators-eko musikaria ez zen inoiz epaitegian agertu; hortaz, karguak gaitzetsi zituzten.
Gaur eguneko Countyk zerikusi gutxi dauka punkaren garaiko sortzaile probokatzaile eta urratzailearekin. Egun bere jaioterrian bizi den emakume nagusia da, zeinak koadroak margotzen igarotzen dituen egunak, bere katuez inguratuta. “Leku eder bat daukat bizitzeko, eta ibilbide bat egin dut pintore gisa. Ibilbide horrekin gozatuko dut eta sortzaile izaten jarraituko dut, hil arte. Ez zen inondik inora espero nuena. Askoz hobea da”.