Larke 360 enpresak Azkaraten hondakin ez arriskutsuentzat gunea eraikiko duela eta, askotariko erreakzioak sortu dira herrian. Javier Zubizarreta alkateak azalpenak eman ditu, besteak beste, hondakinen gune horren jarduera zein izango den zehazteko, udalaren jokabidea azaltzeko eta hainbat argibide emateko.
"Atzoko kritika gaizki ulertze batetik datorrela uste dut. Modu interesatuan, Azkaratekoa zabortegia izango dela zabaldu zen, ez birziklapen planta. Nor dago birziklatzearen eta berrerabiltzearen aurka?". Javier Zubizarreta alkatearen hitzak dira; izan ere, gaur, asteazkenarekin, Larke 360 enpresa Azkaraten eraikitzekoak den hondakinak kudeatzeko guneari buruzko hainbat azalpen eman du.
Azkoitiko alkateak zehaztu duenez, eraikuntzan eta obretan sortutako hondakin "ez arriskutsuak" sailkatuko, eraldatuko eta berrerabiliko dituzte gune horretan, eta esan du gunearen helburua birziklatzea eta berrerabiltzea dela. Gainera, Zubizarretak adierazi du ez dagokiola ekimen pribatutik sortutako proiektua epaitzea: "Nire egitekoa da ez dela zabortegia eta ez dela hondakin arriskutsuak tratatuko diren instalazioa argitzea”.
Herenegun Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta atzo hedabideek zabaldu arte gaiari buruzko informaziorik eman ez izana ere izan du hizpide alkateak. "Udalak, orain arte, ez du ezertan ere esku hartu. Udalaz gaindiko gaia zen. Enpresa pribatu batek Eusko Jaurlaritzari aktibitatea martxan jartzeko baimena eskatu zion. Kito", esan du. Hark dioenez, "inork ez" zekien baimenak onartuko zituzten edo ez, baina behin baimen guztiak lortuta, Udalak ezingo duela proiektua "nahita ere geratu" azaldu du. Izan ere, Jaurlaritzak proiektuari onespena emanda, udalari aktibitatearen lizentzia izapidetzea dagokiola jakinarazi du.
Zalapartaren erdian, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei gaiaren inguruan "posizionatzeko" eskatu die alkateak, guztien arteko adostasuna "balio garrantzitsua" dela uste duelako. Alkateak gaineratu du, atzo eguerdian udaletxean egindako bozeramaileen batzordean Larke 360 enpresako buruak azalpenak eman zituela, eta inork ez zuela "desadostasunik" agertu.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan halako 40 gune daudela ere zehaztu du Azkoitiko Udalak, eta Azkarateko eremuan aurreikusitako aktibitateak honako hauek direla zehaztu du Zubizarretak: bilketa eta garraioa, hondakin ez arriskutsuen karakterizazioa, biltegiratzea eta sailkapena. "Ondoren balorizazio edo birziklapen prozesua egingo da, transformatutako material hori berriro obretan erabili ahal izateko. Zementua, karea, igeltsua, adreilua, hormigoia, metalak, egurra, beira edo plastikoa birziklatuko lirateke". Azpeitiko Lapatxen halako gune bat eraiki nahi izan zutela jakinarazi du alkateak: "Lapatxek antzeko ekimena nahi zuen martxan jarri, eta alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Estatutuak ezin dituelako aldatu dago geldituta”.