Azkaraten egitekoak diren eraikuntza hondakinentzako plantaren gaiak Azkoitira ekarri duen eztabaida eta soka tarteko, Javier Zubizarreta alkateak oharra kaleratu du gaur, ostiralarekin. Hark dioenez, denen adostasunik gabe “ez da Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH) birziklapen plantarik eraikiko”.
Gaia lantzeko Bozeramaileen Batzordea deitu zuen Udal Gobernuak gaurko, Zubizarretaren arabera, ez zuelako “bere posizionamendua komunikabideetan azaldu nahi” udala osatzen duten gainerako alderdiei horren berri eman aurretik. “Herritarren borondatearekiko errespetuz”, gaurko bilkura horretan erabakia “aho batez” hartzeko nahia azaldu du alkateak. “Ikusi dugu gai honek zer-nolako haserrea eta kezka sortu dituen. Egoeraren aurrean, alderdiak, eragile sozialak eta herritarrak entzun ostean adostasun globalik ez bada lortzen, ez dauka zentzurik proiektuari bide emateak”.
Gainera, alkateak esan du hondakinen plantarena ez dela udalaren proiektua: “Udalak obra hondakinen isuriak inolako kontrolik gabe egitea saihestetik haratago, ez du proiektu honetan interes berezirik. Eusko Jaurlaritzak baimendutako ekimen pribatua da”.
Azkoitiko EH Bilduk asteazkenean jakinarazi zuen planta egiteko arau subsidiarioen aldaketa beharrezkoa izango zela, eta gai horren gaineko azalpenak eman ditu alkateak gaur kaleratutako oharrean: “Esku artean nuen informazioari helduta, esan nuen ekintza arautuko balute udalak ezingo zukeela proiektua geldiarazi. Hori horrela da. Azterketa pausatuago batek eraman gintuen ikustera oraindik ez dagoela arau subsidiarioen aldaketa behin betiko onartuta –nahiz eta aldaketaren izapidetzea duela bi urte baino gehiago hasi zen–, eta ondorioz, udalbatza oraindik garaiz dago EEH plantaren ezarpena lurzoru ez urbanizagarrian mugatzeko”.
Alkateak jakinarazi duenez, arau subsidiarioen aldaketak halako “birziklatzeko eremuak aurreikusten zituen hasieratik”, baina Eusko Jaurlaritzak emandako baimena “askoz ere zabalgoa” dela aitortu du. “Arauen aldaketak ez du horrelakorik plantarik baimentzen, eraikuntza eta eraispen hondakinetara mugatzen delako. Udalak, nahita ere, ezingo luke eztabaidatzen ari garen proiektua babestu, nahiz eta ez izan zabortegi bat”.
Partaidetza prozesua
Zubizarretak jakinarazi duenez, “iritziak argi daudela dirudien arren”, partaidetza prozesu bat jarriko du martxan “behin betiko erabakia” hartzeko helburuz. Hirigintza Batzordearen bueltan kokatuko dute eztabaidarako gunea, alderdiek eta eragileek eskatutako moduan, “aldeko eta kontrako jarrerak entzuteko”. Hark adierazi duenez, ikuspuntu guztiak mahaigaineratuko dituzten pertsonei edota elkarteei emango diete hitza batzordeetan, koronabirusaren krisia gainditzean eta egoera bere onera bueltatzean. Alkateak esan duenez, udalak xehetasunak emango ditu, “agenda itxi” ahala.
Zubizarretak “lasaitasun mezua” zabaldu du beste behin, eta “arduraz eta kontzientziaz” jokatuko dutela aitortu du, “herritarren sentipen nagusia errespetatuta”. Dena den, “beharrezkoa ez den” alarmarik ez sortzeko eskatu du, oraindik ez dutelako “ezer zehaztu”, eta haren arabera, “ez delako zehaztuko” denen adostasunik gabe. Gainera, gaia mediatizateko eta herritarrak beldurtzeko zabaldutako “informazio faltsuak eta akusazioak” salatu ditu, eta udalak uneren batean informazioa argi ematen asmatu ez badu “sentitzen” duela esan du.