Elkarretaratze eta protestak egin dituzte Bilbon Javier Solanaren bisita salatzeko.
Javier Solanaren hitzaldia moztu dute hainbat pertsonak Bilboko Alhondigan. ‘Gerrarik ez’ kartelekin altxatu dira, NATOri ezetz esateko. Elkarretaratzea ere egin dute Bilboko Alhondigaren aurrean, Solanaren bisita salatzeko. Ecuador Etxea elkarteak argitaratu ditu protesten argazkiak:
Bilbao European Encounters nazioarteko biltzarraren barnean eman du Solanak hitzaldia, ‘Europa kosmopolita: erronka komunak demokratizatuz’ izenburupean. Azaroaren 8an izan da berbaldia, arratsaldeko 19:00etan Bilboko Azkuna Zentroan.
Bilboko Talde Antimilitaristak azaldu duenez, hiri eta zibilak bonbardatzen lagundu zuen Solanak, Nazio Batuen agintearen aurka, eta Genevako konbentzioari uko eginez. Horrez gain, Jugoslaviako gerretan paramilitarrak armatu zituela ere esan du, erailketa, prostituzio eta droga eta organo salerosketa kasuetan inplikatuak. Hori dela eta, Bilbon horrelako “hiltzailerik” nahi ez dutela adierazi du.