argia.eus
INPRIMATU
Javier Solana NATOko buruzagi ohia Iruñean izango dela salatzeko kontzentrazioa deitu dute
  • Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohia Iruñean izango da asteazken honetan Sociedad Civil Navarra elkarte unionistak antolatuta. Tres Reyes hotelean izango da hitzaldia eta hainbat eragilek kontzentrazioa deitu dute hotelaren aurrean, NATOren kontra.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 31
Javier Solana NATOko buru ohia Iruñean izango da asteazken honetan.

“Espainian eta Europan bizi dugun egoerari buruz” hitz egingo du Solanak Iruñeko Tres Reyes hotelean Sociedad Civil Navarrak iragarri duenez. 19:30ean hasiko da hitzaldia eta ordu erdi lehenago irekiko dira ateak.

Ordu berean deitu dute hainbat eragilek NATOren aurkako kontzentrazioa hotelaren atarian: Herri Gorri, EKB-GKB, Templando el acero, Frente Obrero, EPK-PCE, Siriaren Alde, Askapena, Vostokerantz, Bardenas libres 2018, Herritar Batasuna eta Drina Zubia Elkartea dira elkarretaratzea deitu dutenak.

NATOren aurkako kontzentraziora deitzeko afixa.

Javier Solana 1995etik 1999ra bitartean izan zen NATOko idazkari nagusi. Aurretik, Espainiako Kultura ministro izan zen, Felipe Gonzalezen Gobernuko bozeramaile eta Hezkuntza eta Atzerri gaietarako ministro.

Erakunde militarra utzi zuenean Europar Batasuneko segurtasun alorreko kargu garrantzitsuak izan zituen. Yugoslavia zatitu zuen gerraren ostean Bosnia-Herzegovinako Althea operazioaren komandante nagusia ere izan zen, 1999tik 2009ra.  

Sociedad Civil Navarra elkarte unionistak antolatu du hitzaldia, Kataluniako Sociedad Civil Catalana elkarte unionistaren oihartzun gisa sortu zen taldeak, zeinak babestu dituen azken urteetan Nafarroako Gobernuaren kontrako manifestazioak, bai ikurrinaren aurkakoa 2017an, baita aurtengo euskararen aurkakoa ere.