argia.eus
INPRIMATU
Javier Solana Bilbora gonbidatu izana salatuko dute Alondegiaren aurrean
  • NATOko idazkari nagusi ohi Javier Solana Bilbora doala eta kontzentrazioa deitu dute hainbat eragile antimilitaristek, Alondegiaren aurrean. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak eta Globernance institutuak gonbidatuta, 'Europa kosmopolita: erronka komunak demokratizatuz' izenburupean hitzaldia eskainiko du.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2016ko azaroaren 08a

Elkarretaratzea 18:30ean deitu dute, Alondegiaren aurreko Arrikibar enparantzan.

Bilboko KEM-MOCen esanetan, "hirien eta zibilen kontrako bonbardaketak defendatu zituen Solanak NATOko idazkari nagusi zela, Nazio Batuen Erakundearen aginduaren aurka, nazioarteko zuzenbidea eta Genevako konbentzioa hautsiz. Jugoslaviako gerran erailketetan, prostituzioan eta droga eta organo trafikoan nahastuta zeuden milizia paramilitarrak armatu zituen".

Bilbao European Encounters 2016 jardunaldien parte da astearteko solasaldia. Azkuna Zentroan izango da, 19:00etan.

"Europako integrazioa arrakastatsua izan dadin dauden erronkak aztertuko dituzte hainbat politologok, legelarik, filosofok, ekonomialarik eta zientzialarik", diote jardunaldien azalpenetan.

Donostia 2016k antolatutako hitzaldia

Solana aurten Euskal Herrira datorren bigarren aldia da, bietan Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak eta Globernance institutuaren eskutik. Durao Barrosoren hitzaldia ere antolatu zuten Gipuzkoako hiriburuan bi eragileok, kanpoan protestak eraginez.