argia.eus
INPRIMATU
Javier Marotok Segoviako Sotosalbos herrian etxebizitza erosi duela deklaratu du
  • Gasteizko alkate ohi eta PPko burua 2019an erroldatu zen Segoviako herrian ezustean, Espainiako Senatuko senatari kargua hartu ahal izateko. Maiatzaren 10ean berretsi du senatari kargua Vox alderdiaren babesari esker, eta ondasunen adierazpenean deklaratu du 2020an etxebizitza erosi zuela, Publico-k argitaratu duenez.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko maiatzaren 18a
Argazkia: pp.es

2019an Gaztela Leon erkidegoko zerrendan aurkeztu zen Espainiako hauteskunde orokorretara Maroto, Avilako zerrendaburu bezala. Baina ez zuen Kongresuko diputatu izateko nahikoa boz lortu, eta orduan PPk Madrilen senatari gisa ezartzea erabaki zuen erkidegoko ordezkari bezala. Senatari izendatzea alderdien eskumen zuzena da, baina horretarako pertsona erkidego horretan erroldatuta egotea ezinbestekoa da, eta orduan eman zuen izena Marotok Sotosalbos herrixkan, enpresari baten etxean. Erroldatzeak hautsak harrotu zituen. Oposizioak iruzur egitea leporatu zion. Euskal Herrian eta bereziki Gasteizen askok gogorarazi zioten alkate garaian sustatu zituen mezu arrazistak, besteren artean migratzaileen erroldatzen “faltsuen” aurkako kanpaina politiko-mediatikoak abiatuz.

Salaketa erroldatzearen aurka

Espainiako Estatistika Institutuaren arabera (INE), errolda bat baliozkoa izateko erroldatutako pertsonak izena eman duen herrian urteko 365 egunetatik 181etan bizi behar du. “Asko ikusiko zait Sotosalbosen”, adierazi zuen Marotok 2019an, kritiken aurrean. Partido Castellano-Tierra comunerak aldiz uste du ez dela horrela, eta INEn salaketa jarri du PPko buruaren aurka. Sotosalboseko Udalak –PPren eskuetan dago– txostena aurkeztu beharko du, Marotoko herrian egiten duen edo ez duen bizitzaren inguruan.