argia.eus
INPRIMATU
Javier Esparza UPNko burua ez da berriz Nafarroako lehendakarigai izango
  • UPNko presidente Javier Esparzak, hiru aldiz saiatu ostean, iragarri du ez dela aurkeztuko lehendakarigai izateko Nafarroako hurrengo foru hauteskundeetan.

ARGIA @argia 2023ko abuztuaren 21
Javier Esparza uztaialren 23ko Espainiako hauteskudeetako kanpainan. Argazkia: UPN

Azken hauteskundeen ostean eskuinean nagusitu den giro nahasiaren ispilu izan daiteke Nafarroan Javier Esparzak egindako iragarpena. Ez da berriz aurkeztuko lehendakarigai izateko. Hala adierazi dio Diario de Navarra egunkariari UPNko buruak.

Hala ere, Esparzak jarraituko du Nafarroako Legebiltzarrean alderdi horretako bozeramaile izaten, baita alderdiko buru izaten ere; kargu horretan 2015 urtetik dago agoiztarra.

UPNk datorren apirilean kongresua egingo du eta politikariak atea irekita utzi du alderdiko buruzagitza uzteko: "Alderdiaren esanetara egongo naiz beti", azaldu dio egunkariari.

Esparzak aitortu du Nafarroan eskuina ez dela izan gai gobernua osatzeko gehiengo bat izateko, baina sozialistei egotzi die egoeraren errua: "PSOEk erabaki planifikatu eta estrategiko bat hartu du: EH Bildurekin itunak egin daitezkeela", adierazi du.

PPrekiko harremanen inguruan "hausnarketa garbi bat" egiteko beharra ere azaldu du politikari nafarrak.