Hilaren 29tik aurrera Sortzen Guraso Elkarteak Jauzi.eus bilatzailea martxan jarriko du. Xedea da euskararen normalizazioa bultzatzeko dagoeneko eskaintzen den aisia atari digital bakarrean biltzea.
Guraso elkarteek edota udalek antolaturiko eskolaz kanpoko eskaintza jaso eta familiengana hurbiltzeko jauzi.eus bilatzailea sortu du Sortzen Guraso Elkarteak. Asmoa ez da eskaintza berria sortzea, baizik eta badagoena biltzea. “Euskararen normalizazioaren bidean, D ereduko ikastetxe publikoen inguruko hizkuntza ekosistemak osatzen ari gara”, azaldu du Iñigo Otxoak, Sortzeneko kideak, Iruñeko Laba elkartean egindako aurkezpenean. Webgunea maiatzaren 29tik aurrera egonen da ikusgai.
Bost helburu nagusi ditu proiektuak: eskolaz kanpoko jardueren zabalpenerako eta izena emateko toki “erreferentziala” sortzea; euskara hutseko aisialdiko zirkuituak koordinatzea; guraso elkarteetako eskolaz kanpoko batzordeei lana erraztea; guraso elkarte, jarduera eta hezitzaile kontaktu sarea osatzea; eta jarduerak gainerako auzo eta herrietan ezagutzera ematea taldeak osatzeko matrikula minimoetara ailegatzen laguntzeko.
Bilatzailean agertzen diren eskaintzak 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta eskolako egutegiarekin bat egiten dute; hau da, urritik maiatzera bitarteko jarduerak dira. Guraso elkarteek antolatutako jardueren kasuan, 16:30etik aurrerakoetan, ikastetxe horretakoak ez ziren haurrek ere izena emateko aukera izanen dute, baina bertako ikasleek lehentasuna izanen dute. Biltzailean bertan egin daiteke izen ematea. Horrez gain, jarduera guztiak euskarazko murgiltze metodologian oinarrituta daude: “Begiraleek murgiltzea zaintzeko eta euskara dinamizatzeko formakuntza jasoko dute”.
Momentuz, zortzi ikastetxetako guraso elkarteek eman dute izena: Amaiur (Iturrama), Bernart Etxepare (Txantrea), Ermitaberri (Burlata), Hegoalde (Arrosadia), Irulegi (Mutiloa), Patxi Larraintzar (Arrotxapea), San Frantzisko (Alde Zaharra) eta San Migel (Noain). Hala ere, datozen ikasturteetan “ahalik eta elkarte gehien” batzea gustatuko litzaieke. Ekainaren 4tik 14ra izanen da guraso elkarteetako jardueren matrikula, 15etik 18ra talde osaketen komunikazioa, 23ra arte jardueren ordainketa eta plaza ziurtatzea, eta 23tik aurrera itxaron zerrendan zeudenen ordainketa eta plaza ziurtatzea.
Oso beharrezkoa iruditzen zaie familiei aisiaren garrantziaz ohartaraztea. Euskarazko hezkuntza arautua haurren denboraren %15 da, eta gainerakoak euskararen transmisioan eta garapenean “izugarrizko” eragina du
Etxea, hezkuntza arautua eta aisia
Euskara normalizatzeko planaren estrategiaren barruan kokatzen dute bilatzailea. Planaren xedea da haur guztiak eroso sentitzea euskaraz mintzatzen. Horregatik, nabarmendu dute “beharrezkoa” dela etxean eta aisialdian euskarazko zirkuituak sortzea. Hortaz, transmisiorako kontuan hartu beharreko hiru adar azpimarratu dituzte: etxea, hezkuntza arautua eta aisia.
Bilatzailea martxan jarri baino lehen, kontzientziazio kanpaina bat egin dute, “oso beharrezkoa” iruditzen zaielako familiei aisiaren garrantziaz ohartaraztea: “D ereduko azken urteetako soziologia askotarikoa da, eta familia guztiek ez dute transmisioaren inguruko beharrezko orientazioa”. Gaineratu dute euskarazko hezkuntza arautua haurren denboraren %15 dela, eta gainerakoak euskararen transmisioan eta garapenean “izugarrizko” eragina duela.