Zuberoako hainbat belaunalditako dantzariak bilduko dira jauzien erakustaldia egiteko larunbat honetan, urriak 28, Altzaiko plazan. 120 dantzari, 12 herri, 20 musikari eta kantari, xirulari, ttun ttun eta arrabitari elkartuko dira 15:00etan hasiko den emanaldian.
Honakoak dira ekitaldian parte hartuko duten taldeak: Hebentik elkartea, Altzaiko herria eta altzaiarrak, Aitzindariak elkartea eta Berritza konpainia. Zuberoako jauziak, luzeak eta laburrak, zaharrak eta berriak aurkeztuko dira. Baita, branle-dantza kantatuak ere, horiek ere zaharrak zein berrituak.
Jauziak berpiztu nahian
Zuberoan egun zenbait jauzi dantzatzen dira; aitzina pika, zazpi jauziak edota moneinak ohikoak dira adibidez, baina beste hogeita piko daude eta horiek ez dira inoiz ematen. Batzuk galdu egin dira, baina berriak ere sortu dira. Asmoa da jauzi horiek guztiak plazan erakustea; hala azaldu du Mixel Etxekoparrek Xiberoko Botza irratian. Etxekoparrek, umetatik ikaragarri maite dituen dantza-jauziak sinple bezain konplikatuak direla dio eta dantza sistemaren aberastasuna azpimarratu nahi du. Zenbaitentzat oso ikusgarriak ez izan arren funtsezkoak direla dio, branleen edo soka-dantzen gisan, jauzien erabilera sozial eta politikoa ere aipatu ditu.
Hainbat faktorek ekarri duela jauzien galtzea uste du Etxekoparrek, eta horietako bat da maskaradetan zein pastoraletan dantzatzen diren eta Zuberoan guztiz errotuta dauden dantza eta puntu ikusgarriek itzal egin dietela bertako jauziei. Orduan, Altzaiko erakustaldiarekin bultzada bat eman nahi diete garai bateko jauzi haiek eta azken urteetan sortu dituzten berriak plazaratuta, “zaharrak badira, noizbait berriak izan dira”.
Zuberoako hamabi herritako dantzariak izango dira Altzaiko plazan dantzan. Herri bakoitzak jauzi edo branle pare bat prestatu ditu. Kanaldudek grabatuko ditu dantzak eta gero asmoa da irudi horiek zabaltzea; lekukotasuna izateko eta dantzarientzako ikas tresna gisan erreferentziak eskura izateko.