Bizkaian bizi diren amazighen elkarteak, Agharasek, irailaz geroztik irekiko ditu "Jauzi" harrera-etxearen ateak, Barakaldon etxerik gabeko migratzaileak aldi baterako hartzeko asmoz.
Agharasek, Bizkaiko amazigh herriaren elkarteak, beste urrats bat egin nahi du Barakaldon egiten duen elkartasun lanetan. Elkarteak jakinarazi duenez, hilaren 15ean pisu bat irekiko dute kalean bizitzera behartuta dauden migratzaileei aldi baterako harrera egiteko. "Ez ginen horretarako jaio, baina azken bi urteetan pertsonen harrera izan da elkarteak baliabide eta ahalegin gehien bideratu dituen esku-hartze eremuetako bat", azaldu dute.
Harrera-etxeak lau lagunentzako lekua izango du aldi berean, eta hiru hilabeteko egonaldietan hartuko dituzte. Ridouane Chakouch Agharaseko presidenteak adierazi duenez, elkarteak hilabete eta erdi darama lanean etxebizitza prest jartzeko, eta elkarteko kideek eta boluntarioek modu parte-hartzailean kudeatuko dute. "Harrerako pertsonak elkarrizketatzen ari gara. Modu duinean egotea da helburua ", adierazi du. Etxebizitzaren helburua, gainera, migrazioari eta erabiltzaileen autonomiari lotutako arazoen prebentzioan lan egitea izango da, eta hezkuntza eta parte-hartze komunitarioko irizpideak hartuko ditu kontuan.
“Jauzi” izandatu dute. Barakaldon Agharas elkartea garatzen ari den ekimen solidarioen zerrenda luzeari gehitu zaio. Besteak beste, gaztelania eta euskara eskolak, mantak biltzea edo etxerik gabeko pertsonentzako afariak banatzea eta administrazioarekin izapideak egiteko laguntzak luzatzea, beste askoren artean. Ohartarazi dutenez, azken urteetan garatu diren zerbitzuak gorabehera, “argi dago ez direla nahikoak" udalerriko errealitaterako.
Jauzi Agharasen baliabide propioekin abiatu bada ere, herritarren laguntza beharko duela aitortu du, izan alokairu, ur, argi zein tasa komunitarioen gastuei aurre egiteko. Horregatik sortu du elkarteak Jauzi-Kide kolaboratzaile eredua, urtero proiektua sostengatzeko nahi duten diru kopurua dohaintzan emateko. Trukean, horrekin lotutako opari bat jasoko dute languntzaileek, bai eta memoria bat ere, emandako diruari eman zaion erabilera zehaztuz.
Enpresa eta elkarteentzat ere antzeko figura bat egongo da, Harrera-kide izenarekin. Laguntza ekonomikoaz gain, laguntza horiek unean uneko lankidetzan edo zerbitzu zehatzekin ere lagundu ahal izango dute. Ordainetan, identifikazio-bereizgarri bat emango zaie. Era berean, laguntza-lanetarako eta mantenu-lanetarako boluntario-talde bat sortuko da, harrera-kideei laguntzeko.
Parte hartu nahi dutenak elkartearekin harremanetan jar daitezke agharas.as@gmail.com emailera idatzita. "Ziur gaude, gure iraganari, orainari eta etorkizunari erreparatuta, pertsona guztien artean harrera-udalerri bihur dezakegula gurea", adierazi dute.