argia.eus
INPRIMATU
Jauzi Ekosoziala eragileak aurkezpen bira hasi du Euskal Herrian
  • Eragile ekologista ezagutzeko edo gai ekosozialetara hurbiltzeko interesa duen edonor gonbidatu dute aurkezpenetara. Aurkezpenak egiteaz gain, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzerturen bat ere eskainiko dute zita horietan. Albistearen amaieran egitaraua.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 14a
Eragilea aurkezteaz gain bestelako ekintzez gozatzeko aukera izango da. Jauzi Ekosoziala

2022ko Ekotopaketen harira jaio zen urtebete beranduago mugimendua, krisi ekosozialaren borrokan “jauzi kualitatiboa zein kuantitatiboa” emateko xedearekin. Hego Euskal Herriko  mugimendu ekologista eta ekosozialaren hutsuneari erantzuteko beharretik abiatu zen egitasmoa. 

Krisi ekologikoa krisi sozialaren barnean kokatzen du taldeak, eta helburu gisa definitzen du Hego Euskal Herrian mugimendu ekosozial indartsu bat eratzea, “eraldaketa material estrukturalei bidea irekitzeko”.

Gaur egun, lantaldeak sortzen ari da Jauzi Ekosoziala Gipuzkoan, Bizkaian, Araban zein Nafarroan. Irakurketa ekosozialarekin bat egiten duten oro animatu dute parte hartzera; edozein genero, lurralde, adin, lanbide eta ideologiatakoa. Akademiako, herri mugimenduetako eta gizarte zibileko kideek proiektu horrekin bat egitea da taldearen “nahia”.

Bide horretan jarri dute martxan eragilearen aurkezpen bira. Azaroa eta abendua bitartean 11 herritan antolatu dituzte agerraldiak, ostegun honetan Algortako Azebarri Kultur Elkartean arratsaldeko zazpietan. 

Jarraian ikus daiteke aurkezpen guztien zerrenda.

Aurkezpen zerrenda. Jauzi Ekosoziala