2020ko enplegu publikoko eskaintzarako (EPE) epaimahaiak, hautaketa-batzordeak eta batzorde barematzaileak zozketaz hautatu diren honetan, hezkuntza sistema publikoko langile finko asko eta asko amorruz, beldurrez eta zalantzaz beteta egongo dira. Lasai, ez zaudete bakarrik, hautagaiok zuek bezala gaude. Izan ere, bai epaimahai-kideak, eta bai hautagaiok, biak prozesu maltzur beraren biktimak gara. Baina atsotitzak dioen gisa: askoren mina, tontoen atsegina.
Has gaitezen, bada, hasieratik. Eusko Jaurlaritzak, azken 100 urteotako osasun larrialdirik gaitzenaren erdian, eta gogoratzen den ikasturterik gogorrenaren erdian, oposaketa egitera eta zuzentzera behartu nahi gaitu inori ezer galdetu gabe, ez hautagaioi, ez epaimahai-kide izango diren langileei, ezta sindikatuei ere. Ez omen dira/gara Hezkuntza sailburuarekin hitz egiteko eskubidedunak.
Bitartean, epe-laburkeriz kutsatutako hezkuntzako gehiengo sindikalak, azken greba eta mobilizazioetan, EPEaren iruzurraz ezer gutxi dio. Ondoko errealitate hau ez dute (behar bezain ozen) salatzen: EPEa osasun-larrialdi baten erdian egiteak azterketa egiteko momentuan gaixorik, gaixotzeko arriskuarekin edo berrogeialdian dauden hautagaien eskubideak goitik behera urratuko dituela.
Horretaz gain, ondoko beste hau ere ez da behar bezain ozen entzuten: funtzionarioak osasun-larrialdi baten erdian zozketa bidez epaimahai-kide izatera behartzea ez da bidezkoa. Eta askok uko egingo diote epaimahai-kide izateari beraien osasuna arriskuan dagoela sumatzen badute.
"EPEa osasun-larrialdi baten erdian egiteak azterketa egiteko momentuan gaixorik, gaixotzeko arriskuarekin edo berrogeialdian dauden hautagaien eskubideak goitik behera urratuko ditu"
Beheko hauek ere ez dira behar bezain ozen salatu:
COVID-19aren bigarren izurriteak azterketa ez egitera behartzeko probabilitatea oso altua da.
COVID-19aren eraginez, aurtengoa ikasturte gogorra, zaila, estresagarria izaten ari da eta egoera honetan azterketa prestatzea zaila edo ezinezkoa izango da askorentzat (umeak etxean gaixorik konfinatuta dituztenentzat, gaixotu direnentzat, eta abar). Horrek gainera ezberdintasun larriak sortzen ditu hautagaion artean.
Ikastetxeetara itzuli baino dezente lehenago publikatu eta ezarri behar ziren segurtasun-neurriak aurreko astean plazaratu badira (gabezia eta hutsune dezenterekin gainera) litekeena da oposizio honekin gauza bera gertatzea: behar baino langile gutxiago kontratatzea, behar baino espazio gutxiago, zehaztasunak azken-azken momentura arte ez plazaratzea, eta abar.
Nahiz eta azterketa egiteari baiezkoa eman eta data eta zehaztasunak azaro amaieran eman, COVID-19 pandemia dela eta, egoera goitik behera alda daiteke egun batetik bestera. Gerta liteke, beraz, azaroan azterketa egingo dela esatea, mundu guztiak azterketa buru-belarri prestatzea, eta aurreko egunetan bertan behera utzi behar izatea.
EPEaren lehiaketa faseak zuzentzaile, epaimahai-kide, antolatzaile askoren lana eskatzen du, eta hauetako portzentaje bat gaixotuko da azterketa-lekua, data eta ordua zehazten diren egunetik azterketa egunera arte. Edo azterketa egunetik defentsa egunetara.
Azterketa gainditu dutenen portzentaje bat gaixotuko da azterketa-defentsa bitarte horretan eta ezin izango da defentsara joan.
Osasun egoera goitik behera aldatu dela ikusita, eta oposizioa abenduan egitera behartuko gaituztela ikusita, hautagai askok izen-ematean atzera egin nahi dute eta ordaindutako tasa berreskuratu.
Hautagai askok azterketa bera hainbat aldiz prestatu behar izan dugu: ekainerako, uztailerako, orain abendurako... Eta horrela jarraitzeko probabilitatea oso altua da.
Momentuz zalantzak eta beldurrak baino ez ditugu, erantzunik batere ez. Eta horrek guztiak estresa, zoramena eragiten du edo eragingo du hautagai eta epaimahai-kideen artean. Behar dugunaren kontrakoa, alegia. Non geratu da hautagai eta epaimahai-kideekiko errespetua?
Baina gauzak horren zatar egitea ez da heziketa edo errespetu kontua (bakarrik). EPEa horrela egiteak eskaintzen diren lanpostuetatik portzentaje handi bat hutsik geratzea eragingo du, aurreko urteetan gero eta sarriago gertatu den bezalaxe. Ez ote da izango hori beren helburua?
Iruzur honen nondik norakoak ez dira ez greba eguneko hitzaldian, ezta pasa den ostiraleko Bilboko manifestaldian aipatu, eta horregatik plazaratu ditut, abenduan askok larrua eta etorkizuna arriskatuko baitugu irtenbide logikorik “aurkitzen” ez bada.
Bide batez, irtenbide hori aurkituta dago, jadanik Makina Erreminta Bienalak eta beste autonomia erkidego askok aplikatu dute, arrakasta handiarekin gainera. Irtenbidea da oposizioa ekainean egitea edo osasun aldetik segurua denean.
* Aletxu Unamuno Interinoen greba–Ordezkoen Batzarra ekimeneko kidea da