argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzari leporatu diote hezkuntza hitzarmenaren kontra doan akordioa sinatu duela Googlerekin
  • EAEko hezkuntza lege berriaren oinarria izango den hitzarmena adostu zuen hainbat alderdik martxoan; handik gutxira Googlerekin lau urterako akordioa sinatu du Eusko Jaurlaritzak, hezkuntza hitzarmenaren testuan jasotako “digitalizazio etiko, arduratsu eta euskaldunaren erabat kontrakoa”, dio Hezkuntzan Librezale taldeak, hitzarmenaren zilegitasuna ezbaian jarriz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko maiatzaren 03a

Ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuz eta bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz egingo da eskoletako digitalizazioa, EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek adosturiko hitzarmenaren arabera. Handik egun batzuetara Jaurlaritzak Googlerekin lau urterako zehaztu duen lankidetza bestelako norabidean doala kritikatu du Hezkuntzan Librezalek: ikastetxe publikoetan Google Workspace for Education zerbitzuak erabiltzea adostu du.

Plataformak gogoratu du Europako Datuak Babesteko Araudi Orokorra urratzeagatik isunik altuenak jaso dituztenen artean dagoela Google, eta nabarmendu du datuen tratamenduan nahi dituen aldaketak egin ditzakeela multinazionalak, akordioan jasotzen denez. “Ikasle eta irakasle guztien datuak ematen zaizkio Google multinazional pribatuari lau urtez, bere zerbitzuen truke”.

Hainbat herrialde “Googleren gehiegikeriak mugatzeko” bidean direnean, akordio hau “jarrera inozente baten adierazletzat” hartu du plataformak. Alemaniako Gobernuak adibidez, hezkuntzan Googleren lainoak erabiltzea debekatu zuen 2019an. “Gurean aldiz, besoak zabalik” hartu dute Google.

Zer diote hezkuntza hitzarmenaren alderdi bultzatzaileek?

Hezkuntza hitzarmena adostu duten alderdien gain jarri du plataformak pilota: “Espero izatekoa da legearen erredakzio prozesuan parte hartu duten alderdiek Googlerekin sinatutako lankidetza bertan behera uzteko eskakizun sendoak bideratuko dituztela”.

Gaiari lotuta:

Larrun monografikoa eskaini genion gaiari: Teknologia ez da neutrala.