argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren Trantsizio Planeko hurrengo puntuak: bakarkako kirola eta saltoki txikiak
  • Eusko Jaurlaritza garatzen ari den Normaltasun Berrirako Trantsizio Planari buruzko argibide gehiago eman dituzte. Haurrak etxetik ateratzeko Espainiako Gobernuaren baimenaren ostean, helduek banaka jarduera fisikoa egitera atera ahal izatea eta saltoki txikiak mailakatuta irekitzea du buruan Jaurlaritzak. EAEko ikastetxeetan ikasturtea amaitzeko emango dituzten irizpideez ere aritu dira.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 21

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak egin du agerraldia. Trantsizio Plana mailakatua izango dela eta beti ere pandemiaren bilakaeraren menpe egongo dela adierazi du, baina deskonfinamenduan ere hiru baldintzak jarraituko dute indarrean, ondorengo hilabeteetan: urruntze fisikoa, maskararen erabilera (“gizarte osoak maskarak eskuragarri izan ditzan” lanean ari direla adierazi du) eta eskuen garbiketarako eta espazio partekatuen higienerako neurriak.

Helduek banaka eta denbora-tarte jakin batez jarduera fisikoa egin ahal izateko irteerak hartuko dituzte kontuan lehenik, trantsizio fasean. Baita saltoki eta denda txikien irekiera mailakatua ere, eta industriaren eta eraikuntzaren jardueraren gehikuntza. “Une honetan jardueraren % 30ean dago”.

Zein eduki ebaluatu beharko dituzte irakasleek?

Bozeramaileak iragarri du aste honetan argituko dela EAEko ikastetxeetan nolakoa izango den ikasturte amaiera, eta aurretik hezkuntza komunitatearekin kontrastatuko duela Jaurlaritzaren plana Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Hiru alderdi jorratuko ditu planak: funtsezko hezkuntza edukia; irakasleentzako tresnak ebaluatzeko eta abian jartzeko irizpideak; eta ikasgeletarako itzulera nola egin (adinaren araberako aurreikuspen mailakatuak dira).

Aisialdia

Azkenik, Erkorekak adierazi du, normaltasunera itzultzeko denbora gehien beharko duen arloa bada ere, “pertsonak pilatzea eragiten duten ekitaldietarako eta aisialdirako deseskalatzea” aztertzen ari direla dagoeneko. Eudelekin batera aztertuko dituzte udako jaien, ekitaldien eta bestelako kultura-jardueren inguruko aurreikuspenak.