argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren oreka: publikoari kendu, itunpekoari emateko

Urdanetarrak Ordiziako Eskola Publikoko Guraso Elkartea @urdanetarrak 2023ko apirilaren 03a

Segregazioari aurre egiteko aitzakiarekin, Eusko Jaurlaritzak Ordizian desoreka mantendu eta Eskola Publikoari matrikulazioa kendu dio Ikastolari emateko.

Duela hilabete eskas salatu genuen Hezkuntza Sailak desorekei aurre egiteko neurriek Ordiziako ikastetxeen arteko desoreka betikotuko zutela. Gainera, arreta deitzen genuen, Eskola Publikoa lehenetsi ezean eta eskariari soilik kasu eginez gero, Eskola Publikoak matrikulazioa, ikas-gelak eta ikas-lerroak galtzeko arriskua zabaltzen zela, Ikastolaren mesedetan.

Ez da horrela gertatu. Hezkuntza Saila urrunago joan da. Eskola Publikoak eskari handia izan du 2023-24 ikasturterako Haur Hezkuntzako 2. mailan eta, behin-behinean, Ikastolan baino ikasle gehiago matrikulatu dira bertan. Azken urteetan gertatu den moduan, jatorria atzerrian duten eta egoera sozioekonomiko zailean dauden familietako ikasle gehienak Eskola Publikoan eman dute izena.

Zein izan da, ordea, Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea? Ba, Ordiziaren kasuan, aurrez adierazitako irizpideen aurka ikaspostuak ez ditu eskariaren baitan esleitu. Eskola Publikoak Ikastolak baino matrikula gehiago izan ditu eta Eskola Publikoak bost ikaspostu libre izan arren, Eskola Publikoa hautatu dutenen eta Hezkuntza Sailak bere irizpide erabat ilun eta subjektiboen baitan, “zaurgarri” moduan izendatu dituen hainbat ikasle Ikastolara bideratu ditu. Ikastolatik Eskola Publikora, berriz, “ez zaurgarri” moduan izendaturiko ikasle bakarra. Zein da emaitza? Eusko Jaurlaritzak Eskola Publikoa bi ikasle gutxiagorekin utzi duela Ikastolaren mesedetan eta apenas eragin duela oso larria den desorekan.

Desorekaren arrazoia ezin da jarri jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan edo “zaurgarri” moduan izendatzen diren ikasle edo familiengan

Hau da, “zaurgarri” izendapena egiteko irizpide, argi eta objektiborik gabe, erabat eztabaidagarria den galdeketa baten aintzat hartuz eta erabat ezkutuan kudeatu den ditxosozko “Zaurgarritasun Indizea” erabili du Hezkuntza Sailak Eskola Publikoari matrikulazioa kendu eta itunpeko ikastetxeari emateko, desorekan apenas eraginik izan gabe. Beldur gara, gainera, behin ikasturtea hasita matrikulatzen diren ikasleen esleipenarekin egoera okertuko den. Izan ere, arriskua dago desoreka bideratzeko aitzakiarekin, Hezkuntza Sailak Eskola Publikoa kaltetzen segitzeko, ikasle berriak Ikastolara bideratuz.

Aurrez ere salatu dugun moduan, desorekaren arrazoia ezin da jarri jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan edo “zaurgarri” moduan izendatzen diren ikasle edo familiengan. Diskriminatzaileak izateaz gain, herritar orok hezkuntza publikoa jasotzeko duen eskubidea urratzen dute, eta ez dute eragin esanguratsurik desoreka handia den errealitateetan. Kontrara, proportzioan gehiago diren heinean, Euskal Herrian jatorria dutenen edo egoera sozioekonomiko hobea dutenen banaketak eragin handiagoa du desorekan eta, ondorioz, orekan.

Eskola Publikoaren funtziorik behinena herritar guztien ezagutza eta hezkuntza premiei erantzutea da, berdintasunean, aniztasunean eta inolako diskriminaziorik gabe. Horren bermatzaile beharko luke administrazio publikoak. Ordizian, ordea, berdintasuna eragozten du, desorekak handitu ditu, aniztasunaren kudeaketa egokia oztopatu eta, orain, ikasleak diskriminatzen ditu hezkuntza publikoa hautatzeko aukera murriztuz, nahiz eta ikaspostu libreak izan Eskola Publikoan.

Ordizian Eskola Publikoak matrikula kopuru ona du, baina muturreko desoreka pairatzen dugu. Beraz, Ordiziako egoera kontuan hartuz gure errealitatera egokitu, Eskola Publikoa babestu eta lehenetsi eta desoreka bideratzen lagunduko duten neurri zehatzak behar ditugu.

Aurrez ere adierazi dugun moduan, ez dugu desorekara kondenatzea onartuko. Ezta Ordiziako herritarrek hezkuntza publikoa aukeratzeko duten eskubidea mugatu eta Eskola Publikoari ikasleak kentzea ere. Eusko Jaurlaritzaren jokabidea publikoki salatzeaz gain, gure eskura dauden bide guztiak jorratuko ditugu egoera honi eta neurri hauei aurre egiteko. Asko dugu jokoan, Ordiziako Eskola Publikoaren oraina eta etorkizuna, baita Ordiziako elkarbizitza, berdintasuna, justizia soziala, inklusioa eta euskalduntzea ere.

Urdanetarrak Ordiziako Eskola Publikoaren Guraso Elkartea