argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila eta kontratazio berriak: jarrera aldaketa, ala immobilismoaren zuriketa?
  • Ikasturteari hasiera emateko baldintzak eta COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko planteamendua eztabaidagai bizia izaten ari dira hezkuntza komunitatean. Aurrez aurreko hezkuntza eta osasun baldintzak bermatzeko irakasle gehiago kontratatzeko aldarria orokortua da. Aste honetan bertan, Steilas sindikatuak 6.000 irakasle berri eskatu ditu helburu horiek bete ahal izateko, edo EAEko Filosofia Irakasleak biltzen dituen Agora Filosofia Elkarteak “garbitzaile, administrazio-langile, irakasle eta laguntzaile gehiago” eskatu ditu. Biek bat egin dute hausnarketa berean: Jaurlaritzak berak eskola eta ikastetxeentzako prestatutako protokoloa ez da gauzagarria langile gehiago kontratatu gabe.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko abuztuaren 19a
Cristina Uriarte, Nekane Murga eta Arantxa Tapia, asteartean LABI batzordearen erabakien berri agerraldian eman aurretik. Argazkia: irekia.eus.

Osasun larrialdian erabakiak hartzeko osatutako Larrialdiari Aurre Egiteko Bidea (LABI) batzordeak bilera egin osteko prentsaurrekoan, asteartean, Jarduneko Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek ikasturte hasierarako Jaurlaritzak dituen asmoak aletu ditu. Jaurlaritzak hiru agertoki posible aurreikusi ditu hezkuntzari begira, baina Uriartek adierazi du apustua aurrez aurreko hezkuntzaren aldekoa dela.

Kontratazio berriak?

“Kontziente gara irakasle gehiagoren eskari orokor bat dagoela”, esan du Uriartek. Eskolaz eskola beharrak aztertuko direla ziurtatu, eta horren arabera irakasle gehiago kontratatzeko aukera zabalik utzi du. Aitortza horrek Jaurlaritzaren jarrera aldaketa irudika lezake, orain arte irakasle gehiago kontratatzeko aukera baztertu baitu. Baina orokortasunetik zehaztasunetara jotzean, argi geratu da kasurik onenean ere hezkuntza komunitatearen aldarrikapenetatik urrun geratuko direla kontratazio berriak.

Oro har, eskola eta ikastetxeetan egun dauden ratioak legez ezarritako gehienezko mugaren azpitik daudela azpimarratu du Uriartek –ez dirudi harrotzeko motiboa, kontrakoa litzateke salagarria–. Onartu du ondoren ratioaren bataz bestekoaren gainetik daudela zenbait ikastetxe –bataz bestekoek hori dute, bataz bestekoak direnez beti egon direla batzuk gainetik eta beste batzuk azpitik–, eta kontratazio berrien aukera horietara mugatu du. Aukera ordea, ez konpromisoa. 50 ikastetxe dira bataz bestekoaren gainetik dauden ikastetxeak, Uriarteren esanetan. Baina hezkuntzako eragileak eskola eta ikastetxe guztietarako ari dira exijitzen irakasle eta langile gehiago, Jaurlaritzak berak ezarritako Lan-arriskuen prebentziorako neurriak EAEko ikastetxeetan, COVID-19ren eraginpean egoteko arriskuari aurre egiteko protokoloa aplikagarria izan dadin. “Bertan jasotakoa betetzea ezinezkoa izango da ikastetxeetan langile gehiago ez badaude”, adierazi du EAEko irakaskuntzan nagusi den Steilas sindikatuak aste honetan.

Ez dirudi oso zentzuzkoa esku batekin protokolo bat ezartzea, eta bitartean, bestearekin hori betetzeko baldintzak ez bermatzea. Antza denez, hori da Jaurlaritzaren eta Hezkuntza Sailaren asmoa. Hezkuntza komunitateak eta jendarte osoak pairatuko lituzke horren ondorioak.