argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren eta Israelen arteko “lankidetza” salatu dute Bilbon
  • Uribe Kostako Palestinaren aldeko Khalas! elkartasun taldeko hainbat kidek salaketa ekintza egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza barruan. Jaurlaritzak Israelekin dituen harremanak azaleratu eta salatu nahi izan dituzte.

Axier Lopez @axierL 2024ko ekainaren 05
Argazkia: Khalas

Astearte arratsaldean Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzara sartu ziren Uribe Kostako Khalas taldeko zenbait lagun. Gobernu autonomikoak "Palestinaren okupazioan eta Gazako sarraskian duen konplizitatea" salatzeko asmoz, Jaurlaritza eta Israel lotzen dituen pankarta bat zabaldu zuten, palestinarren odola irudikatzeko pintura gorriz zikinduta. Gainean zenbait lagun belauniko, begiak estalita eta eskuak lotuta daudela, sionistek preso palestinarrak erakutsi dituzten gisara. Ekimena egin eta 10 minutura hainbat ertzain agertu ziren eta Khalaseko kideak kalera arrastaka atera eta guztiak identifikatu zituzten.

Ekimenaren bultzatzaileek gogorarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzaren 2020ko Nazioartekotze Estrategian Israel lehentasunezko bazkidetzat du EAEko gobernuak, Ekialde Hurbilarekiko merkataritza-harremanetan. Estrategia horren parte kokatu dute Jerusalem eta Zisjordaniako lurralde okupatuetan kolonia israeldarrak lotuko dituen apartheid-trena eraikitzeko CAFek duen hitzarmena. "Eusko Jaurlaritza CAFen bazkide akzioduna da, eta, beraz, eskuak zikinduta ditu lapurtutako lurrez, kanporatutako eta pobretutako familiez, atxiloketa arbitrarioez eta torturez, zigorrik gabeko hilketez eta giza eskubideen beste hainbat urraketaz", diote.

Khalasek azaldu duenez, beharrezkoa da sionistekin kolaboratzen ari diren erakunde eta enpresak seinalatzea, palestinarren genozidioa eta okupazioa amaiarazi nahi bada. "Palestinaren deskolonizazioa lortu arte, konplizitateak salatzen jarraituko dugu", adierazi du taldeak.

Argazkia: Khalas