argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren curriculum dekretuak salatuko ditu Espainiak, LOMCEra ez egokitzearren
  • Hezkuntza Ministerioak hartu du erabakia. Uriarte sailburuak adierazi du “dekretu eta helegiteen gainetik” euskal hezkuntza defendituko dutela.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 21
LOMCE legearen aurkako manifestazio jendetsuak egin dira Euskal Herrian. Argazkia: EH Bildu

Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko hezkuntza curriculuma salatuko du Espainiako Gobernuak, Berria egunkariak jakinarazi duenez. Curriculumak Lehen Hezkuntza eta DBH barnebiltzen ditu, eta LOMCEren hezkuntza erreformara ez egokitzeagatik eramango dute auzitara.

Salaketa oraindik jarri gabe dagoen arren, asmo hori dutela azaldu dio Jaurlaritzari Espainiako Hezkuntza Ministerioak. Hala, ikusteke dago igandeko hauteskundeek zer eragin izan dezaketen salaketaren ibilbidean. Hasiera batean, zenbait alderdi LOMCE bertan behera uztearen alde daude.

2015eko otsailean aurkeztutako proposamena da salatutakoa. Gobernu Kontseiluak onartu egin zuen, eta LOMCEren erreferentziak ezabatuta, Espainiako Gobernuak nola jokatuko zain zegoen Jaurlaritza. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Araba Euskaraz jaian baieztatu zuen salaketa jartzekoa dela Moncloa, eta “dekretu eta helegiteen gainetik” euskal hezkuntza defendituko dutela adierazi zuen.

Ez da Espainiako Gobernuak auzitara jotzen duen lehen aldia. Aurrez LOMCEren inguruko errekerimendua bidalia dio, amaierako probak ez ezartzeagatik. Jaurlaritzaren bekak ere salatu ditu, ministerioaren irizpideak kontuan ez hartzeagatik.