argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren berriztagarrien planari 4.000 alegazio aurkeztu dizkiote
  • Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitza aurrean elkarretaratu dira talde ekologista ugari ostegun honetan, zentral eolikoen eta poligono fotovoltaikoen garapen "kolosala" ekarriko lukeen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari alegazioak aurkeztearekin batera: "Zalantzarik gabe erabaki historikoen aurrean aurkitzen gara, energia trantsizioari dagokionez".

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko uztailaren 20a

Hainbat talde ekologista eta mugimendu elkartzen dituen Lurraren Defentsan, Euskal Herria Bizirik ekimenak elkarretaratzea egin du ostegun goizean, Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Lakua auzoan duen egoitza nagusiaren atarian.

Horrekin batera Jaurlaritzak tramitean duen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS) egindako alegazioak aurkeztu dituzte, "Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamarnaka zentral eoliko eta eskala handiko poligono fotovoltaiko ezartzea aurrikusten duen plan hori bertan behera utz dadin eskatzeko".

Denera 4.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dizkiote LPSari, Naiz.eus-ek jaso duenez, horietatik 3.500 inguru Euskal Herria Bizirik ekimenak bideratu ditu. Aurkezpenean, Rebeka González de Alaizak eta Mikel Alvarezek hitz egin dute, eta esan dute halako plan baten tramitazioa "zetzugabea" dela, energia enpresa handiei eta inbertsio funtsei mesede egiten dien eredu bat bultzatzen duelako.

ARGIAk alegazioaren txostena eskuratu ahal izan du, eta bertan egileek hainbat arlotan nabarmendu dituzte planak eragingo lituzkeen kalteak eta prozedurak berak dituen akatsak.

Ezarritako helburuak hirukoiztu

Hala, alegazioaren arabera, Energia Jasangarritasunaren Lege autonomikoak "energiaren tokiko gestio komunitarioa" bultzatu nahi badu ere, azkenerako plan horrek "eskala handiko azpiegituren" menpe jartzen du arestiko asmo hori.

Egungo estrategia energetikoan ezarritako helburuak –energia produkzioari dagokionez– hirukoiztu egiten ditu berriztagarrien planak, 3,4 GWh-tik 11,5 GWh-ra

Are gehiago, egungo estrategia energetikoak jarritako helburuak –energia produkzioari dagokionez– hirukoiztu egiten ditu berriztagarrien LPSak, 3,4 GWh-tik 11,5 GWh-ra: "Justifikaezina da administrazioak bultzaturiko plan batek, egungo energia estrategian administrazio horrek berak ezarritako aurreikuspenak modu horretan gainditzea".

Zentral eolikoek eta fotovoltaikoek eragingo lituzkeen ingurumen kalteak ere xehatzen ditu alegazio txostenak: paisaiari, landareriari eta faunari, bioaniztasunari eta ondare kulturalari eragingo lizkiokeen kalteak, besteak beste: "MW berdeen mitoak, trantsizio energetikoak eta ekonomiaren deskarbonizazioak errealitate ez hain heroiko bat ezkutatzen dute, errelato ofizialak esaten duen bezain 'jasangarria' ez dena", dio Gasteizen talde ekologistek aurkezturiko txostenak.

Erabaki historikoak

Prozeduraren inguruan dauden akatsak eta hutsuneak ere salatu dituzte alegazioaren egileek. Esaterako, LPSa egiteko aurkezturiko eta informazio publikoan jarritako planoen kalitate eskasa.

Azken finean, Euskal Herria Bizirik ekimenaren ustez, "zalantzarik gabe erabaki historikoen aurrean aurkitzen gara, energia trantsizioari dagokionez".

Gogorarazi dute munduko analista ugari ohartarazten ari direna: hurrengo hamarkadatan egungo gizartearen kontsumo energetikoa %80 jaitsi behar izango dela, eta testuinguru horretan energia berriztagarriak erabili daitezkeela gizarte "hiperindustriala" mantentzeko –zentral eolikoen eta fotovoltaikoen garapen "kolosal" batekin– edo beste eredu ekonomiko eta sozial bat sortzeko, energia kontsumoaren ikuspegitik ez hain intentsiboa eta komunitateen benetako beharrak asetuko dituena.