Grebaren bezperan Hezkuntza Sailak “edukirik gabeko” mahaia deitu zuela eta sindikatu deitzaileak “errespetatu gabe” akordioa “antzezteko” gutxiengoa duten sindikatuak “erabili” nahi izan zituela salatu ostean, beste bi greba egunera deituta daude EAEko hezkuntza publikoko irakasleak. Lehenengo egunak %75eko jarraipena izan duela esan dute sindikatuek.
"Grebaren arrakastaren adibide garbia da EAEko hiru hiriburuetan lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita! lelopean deitutako mobilizazioetan milaka langile elkartu direla", adierazi dute sindikatuek. Nabarmendu dute irakasleen hirugarren greba egun honek %75eko jarraipena izan duela.
Hezkuntza publikoko hamabi eguneko greba zikloa polemikak zipriztinduta abiatu zen urtarrilean. Orduko hartan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak email masiboa bidali zien gurasoei, azaltzeko grebek gurasoengan sor dezaketen kezka ulertzen zutela eta hezitzaileen lan-baldintzak hobetzeko “ahalegin sendoa” egiten urteak daramatzatela. LAB, STEILAS, ELA eta CCOO mobilizazioen sindikatu deitzaileak haserretu zituen horrek, eta Jaurlaritzari erantzun zioten negoziaketak edukirik gabekoak direla.
Oraingo honetan, Hezkuntza Sailak negoziazio mahaia deitu zuen greba bezperan, adostasuna lortu asmoz, eta Jaurlaritzak esan du ez dituela greba deialdiak ulertzen, negoziazio mahaiak “uneoro zabalik” daudelako. Oso bestela irakurri dute egoera sindikatu deitzaileek: marketin ariketa deitu diote negoziazio mahaia bezperan deitzeari, eta salatu dute irakasleen mahaiaren ordezkaritzaren %90 duten sindikatu deitzaileak “errespetatu gabe”, gutxiengoarekin (Interinok Taldea eta UGTrekin) “greba bertan behera uzteko akordio bat sinatzen saiatu” dela. Kontuak kontu, mobilizazioen deitzaileek ez dute Hezkuntza Sailaren proposamena onartu, eskaerei erantzuten ez diela iritzita.
Mobilizazioak
Unibertsitatez kanpoko 27.000 irakasle daude deituta grebara, asteazken eta ostegun honetan. Asteazkenean, goizeko 11:30ean mobilizazioak dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen. Ostegunean, manifestazio bateratua egingo dute Gasteizen, goizeko 11:30ean abiatuta, Europa Jauregitik Lakuara.
Eskatzen dute arintzea lan zama eta gehiegizko burokratizazioa, erosahalmena berreskuratzea, baliabide gehiago jartzea, ratioak txikitzea...
Lan hitzarmenak eta baldintzak hobetzeko
Hamabi eguneko greba zikloaren barruan, irakasleez gain, sukalde eta garbiketako langileak ere grebara deitu zituzten lau egunez; Haurreskolak Partzuergoko langileen kasuan berriz, mobilizazioak amaitutzat eman zituzten, LABek Jaurlaritzarekin akordioa sinatu ostean.
Lan hitzarmenak aspaldikoak direla eta akordioak berritu behar direla aldarrikatu dute sindikatuek. Irakasleen lan hitzarmena 2010ekoa da eta gainerakoena 2009tik ez da eguneratu. Besteak beste, eskatzen dute arintzea lan zama eta gehiegizko burokratizazioa, lantaldeak gaztetzeko planak adostea, erosahalmena berreskuratzea, behin-behinekotasuna txikitu eta lanpostuak egonkortzea, baliabide gehiago jartzea (hala nola hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei erantzun ahal izateko) eta ratioak txikitzea.
Azpimarratzekoa da sukalde eta garbiketako langileen egoera. Baldintza prekarioenak eta soldata txikienak dituen sektore feminizatuena dela gogoratu dute sindikatuek: “Ezinbestekoa da ratioak jaistea eta garbitu beharreko metroak gutxiago izatea”.