argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzako Justizia sailburua: “ETAko presoek eragindako kaltea injustua zela aitortu behar dute”
  • ETAko presoek espetxetik ateratzen direnean, egindako mina onartzeaz gain, "eragindako kaltea injustua" izan zela aitor dezaten lan egingo du Jaurlaritzak, María Jesús San José sailburu sozialistaren arabera.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko uztailaren 16a
María Jesús San José, Jaurlaritzako Justizia sailburua.

"Ez dugu etsiko: beraiek borrokatu zutenaren justu kontrakoa den Euskadi batekin topo egingo dute kalera irteten direnean", adierazi du Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu berri María Jesús San Josék, gaztelera hutsean, ez baitaki euskaraz. EHUren Uda Ikastaroetako jardunaldi batzuen irekiera ekitaldian egin ditu adierazpenok, astelehenean, Donostiako Miramar Jauregian.

PSE-EEkoa da San José sailburua. Orain arte, azken legegintzaldietan, EAJren esku egon da saila. Aurreko taldeak, Nerea Melgosa buru zuenak, baldintzapeko askatasunaren aldeko politikak ipini izan ditu indarrean, hirugarren graduak, oro har. Sailburu berriak ez du horretan jarraituko duela ez baieztatu ezta ukatu ere, Gara-k kronika honetan jaso duenez. Hala ere, Jaurlaritzaren web orriak dioenaren arabera, aipatu du "gutxiengo batek" betetzen dituela espetxe-zigor osoak eta "askatasunean" bizi direla gehien-gehienak. "Dagokienean" irtengo dira espetxetik, berretsi du, "egindako kaltearen bidegabekeria onartuta". Azpimarra, diskurtso osoan, horretan ipini du: onarpenean.

Sailburuaren esanetan, ETAko kide izatea leporaturikoak gainontzeko presoen pare ipiniko dituzte, eta guztiak kaleetara itzultzeko "prestatzea" izango da Jaurlaritzaren lana: "Izan ere, proiektu politiko batek inposatu nahi izan zuen izua gorabehera, Euskadi askotariko komunitatea zen, eta da, eta komunitate nahiko kohesionatua eta aurreratua egitea lortu dugu". Datua ere eman du: "terrorismo delituz" zigortutako pertsonak %10 dira.

"Momentu erabakigarria" dela esan du Justizia sailburuak, laster hiru urte beteko baitira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa Jaurlaritzaren eskuetan geratu zenetik –2021eko urriaren 1ean transferitu zen–. Borondate politikoa ez ezik, espetxeetan eta gizarteratze-prozesuetan lan egiten duten enplegatu publikoen lanaren beharra azpimarratu du San Josék, "espetxe-politika eredu hau arrakastaz burutzeko ezinbesteko tutoretza" direlako.