argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, emakumeak baztertzen dituen alardearen alde?
  • Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua agertzen den irudi bat publikatu zuen uztailaren 22an Hondarribiko alarde baztertzailearen Facebook orriak. Alarde horretako konpainia batean kantinera izango da aurten Uriarteren alaba; sailburua haren ondoan ageri da izendapenaren berri ematen duen argazkian.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 04a
Cristina Uriarte erdian, berdez, Hondarribiko alarde baztertzailearen Facebook orriak argitaratutako argazkian.

Irailaren 8an ospatuko da Hondarribiko jaietako alardea, 1638an herriak jasan zuen setioa gogora ekartzeko desfilea. Duela 25 urte, 1993an, herriko hainbat emakumek adierazi zuten ospakizun horretan desfilatu nahi zutela gizonen baldintza berdinetan –alegia, soldadu gisa; ez ordura arte emakumeei parte hartzeko eskaintzen zitzaien rol bakarrean, kantinera gisa bakarrik alegia–.

Eskari horri urtetan entzungor egin ondoren, 1996an herriko zenbait emakume alardean sartzen saiatu ziren eta geroztik konpondu ez den gatazka sortu da Gipuzkoako kostaldeko herrian: alde batetik, defendatzen dutenak emakumeek soldadu gisa ere desfilatzeko eskubidea dutela; bestetik, emakumeek horretarako eskubiderik ez dutela sinetsita daudenak.

Soldadu gisa desfilatzeko aukera ukatzearekin batera, ordea, alardean emakumeek betetzen zuten papera birdefinitu dute urteotan konpainia baztertzaileek: kantineren funtzioa indartu dute, emakumeak diskriminatzeagatik jasotzen zituzten kritikei iskin egiteko. Funtzio hori beteko du aurten Gora Ama Guadalupekoa konpainian Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren alabak, eta Cristina Uriarte harekin batera agertu da kantinera izango dela iragartzen duen argazkian.

Uriarte eta alarde baztertzailea: aspaldiko harremana

Hezkuntza sailburuak lehenago ere parte hartu izan du alarde baztertzaileak iraun zezan sortu zuten Alarde Fundazioaren ekitaldietan. 2014ko abuztuaren 15ean, adibidez, elkarte horrek Hondarribiko Arma Plazan ireki zuen egoitzaren inaugurazioan izan zen, kronikek jaso zutenez.

Sailburuaren presentzia ez zen oharkabean pasa eta EH Bilduk EAEko Legebiltzarrean Uriarteren agerraldia eskatu zuen. Koalizio abertzalearen ustez, sailburuak ekitaldi horretan parte hartuz babesa adierazi zion emakumeak diskriminatzen dituen alardeari. “Lekuz kanpo dago goi-karguek alarde baztertzailea babestea eta haren antolatzaileen ondoan argazkiak ateratzea”, adierazi zuen Lur Etxeberria legebiltzarkideak.

Alarde Fundazioak Uriarteren aurkako “sorgin-ehiza” kritikatu zuen, sailburuak ekitaldian parte hartu zuela ukatu gabe. Bestelakoa izan zen Uriarteren bertsioa: Arma Plazan zegoen margo-erakusketa batera joan zela adierazi zuen, “ekitaldi kultural” batera joan zela alegia, ez Alarde Fundazioaren egoitzaren inauguraziora. Javier Sagarzazu margolariaren pintura erakusketa, ordea, egoitzaren inaugurazioaren parte zen.