Ana María Martínez epaileak irailean ebatzi zuen udaltzainek ez dutela zertan B2 euskara maila ziurtatu; orain epaia berretsi eta bi hilabeteko epea eman du berriro onartzeko hizkuntza eskakizunagatik 2021ean Arkautiko lan poltsatik kanpo gelditu zirenak. Irailean kaleratutako epaia errekurrituko zuela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, baina ez du inongo helegiterik jarri, eta horretaz galdetuta, ez zuela ondorio praktikorik ekarriko erantzun dio ARGIAri.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak pasa den irailean adierazi zuen hizkuntza maila eskatzea “funtsezkoa” dela “euskal Poliziak gizartearekin harremana izateko” eta “herritarrei zerbitzu hobea emateko”, eta horregatik, helegitea aurkeztuko zuela Gasteizko Administrazio Auzitegiaren epaiaren aurka.
Helegite hori azkenean zergatik ez duen jarri galdetuta, hala erantzun digute: “Zerbitzu juridikoek ikusi zuten ez zuela izango ondorio edo eragin praktikorik, udaltzain plaza guztiak kubrituta zeudelako eta lan poltsa bere horretan mantentzen zelako; ez zen inor kaleratuko”. Atzera begira eraginik ez zuela argudiatu du Jaurlaritzak, baina aurrera begira gutxieneko euskara mailarik ez eskatzeari ateak irekitzen dizkiola adierazi diogu. “Bai, izan dezake eraginik, baina hori futurible bat da eta halakorik gertatzen bada kasuan kasu ikusiko da”.
“Sententzia bete beharra dago”, gaineratu dute.
Behatokia: “Zer gertatuko da B2 nahitaezkoa ez den momentuan?”
Jaurlaritzak helegitea jarri ez duela-eta, iritzia eskatu diogu Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekari. Zuzendariak azaldu duenez, “lan-poltsak eratzen direnean, euskararen ezagutza nahitaezkoa ez izateak, lan-poltsa horien gestio egoki baterako traba nabarmenak eragiten ditu”.
Adibidez, “aurreko udan bertan, udal ezberdinek Arkautiko lan-poltsara euskararen ezagutza (B2) akreditatua zuten hautagaiak eskatu arren, Arkautitik erantzuten zitzaien ez zela B2a zuten hautagai librerik geratzen lan-poltsan eta beraz, udaltzain bat kontratatu nahiko balute lan-poltsan geratzen ziren B2rik gabeko horiek hartu beharko zituztela”.
“Gure ustez, ez du balio esatea kasu honetan aurkeztu diren hautagai guztiek dutela euskararen ezagutza akredidatua. Kontua da, epai hori Eusko Jaurlaritzak ez errekurritzeak hurrengo urteetarako arlo ezberdinetako lan-poltsen deialdietan ere egoerak berdin jarraitzea suposatu lezakeela eta ondorioz, euskararen ezagutzarik ez duten hautagaiak prozesuan onartzen jarraitu beharko dela”.
"Epai hori Jaurlaritzak ez errekurritzeak suposatu lezake euskararen ezagutzarik ez duten hautagaiak prozesuan onartzen jarraitu beharko dela"
Jaurlaritzatik "futurible"-ez mintzatu zaizkigun arren, euskararen ezagutzarik ez duten hautagaiak aurreikusi ditzakegu: “Zergatik dute oraingoan hautagai guztiek B2a? Ziurrenik bazekitelako eskatuko zela; zer gertatuko da nahitaezkoa ez den momentuan? Ez da ezagutzarik ez duen hautagairik aurkeztuko?”.
Garbi du Gaubekak: “Eusko Jaurlaritzak aldi baterako kontratazioekiko erabaki irmoak hartzen ditu edo egoerak aurrera beharrean atzeraka egingo du. Euskara eskakizunaren derrigortasun data iraungi gabe duten lanpostu finkoak bere horretan uztea edo epe horiek luzatzea ere legitimatu dezake”.