Bost urteko kontratu luzaezinak agortu zaizkie Hernani eta Intxaurrondoko sei familiari, eta alternatibarik eskaini gabe kaleratu nahi dituztela salatu du Gipuzkoako Stop Etxe Kaleratzeak plataformak. Etxebide edo Bizigune bidez alokairu soziala izateko aukera eskaini artean, egungo bizitokietan jarraitzeko asmoa agertu dute.
Gipuzkoako Stop Etxe Kaleratzeak plataformak elkarretaratzea deitu du ostiral goizean, 11:00etan, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen ordezkaritzaren aurrean. Mobilizazioaren bidez salatu nahi dute Hernaniko eta Donostiako Intxaurrondo auzoko zuzkidura-bizitokietatik sei familia etxe kaleratzear dela Eusko Jaurlaritza. Halakorik gerta dadin ekiditea bilatzen du plataformak, herritarren erantzunaren bidez.
Plataformak emandako azalpenen arabera, etxe kaleratuak izateko arriskuan dauden sei familia horiek zaurgarritasun egoeran daude, eta hala baieztatzen dute Gizarte Zerbitzuek osatutako Zaurgarritasun Informeek. Bost urteko alokairu kontratu luzaezinak zituzten, eta behin horiek agortuta, idatzi bat jaso dute etxeko giltzak buelta ditzaten. Azaroa eta urtarrila artean itzuli behar dituzte giltzak, eta kontrako kasuan “apartamentua husteko eta kalte-galerengatik kalte-ordainak kobratzeko beharrezko izapideak” hasiko dituztela jakinarazi zaie, bide judiziala ere aukera gisa kontenplatuz.
Stop Etxe Kaleratzeak plataformak jakinarazi duenez, beren diru-sarrerak apalak izanik, sei familia horietako bakarrak ere ez dauka ahalmenik alokairu bat ordaintzeko Gipuzkoan. Gogorarazi baitute alokairuaren batez besteko prezioa 1.138 eurokoa dela Eusko Jaurlaritzak argitaratutako 2021eko 2. hiruhilekoko Higiezinen Eskaintzari buruzko Inkestaren arabera. Kaltetuek eskubide subjektiboa galdegin dute, baina ezezkoa jaso dute erantzun gisa, xedatutako urteko diru-sarrera gordinak gainditzen dituztela argudiatuz.
Hala bada, arazoaren aurrean zein bide hartuko duten jakinarazi dute: familiek idatzi bat erregistratuko dute Jaurlaritzari adieraziz giltzak itzultzeko asmorik ez daukatela, eta etxeetan bizitzen jarraituko dutela inongo penalizaziorik onartu gabe, harik eta alternatiba gisa Etxebide edo Bizigune bidez alokairu sozial bat eskaintzen dieten arte.