argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak unibertsitate publikora bideratzen duen finantzazioa Europa eta Espainiako batez bestekoa baino txikiagoa dela salatu dute
  • Europan unibertsitate publikoak finantzatzeko batez beste estatu bakoitzak BPGren %0,91 bideratzen du, Espainian BPGren %0,82 eta EAEn, Jaurlaritzak BPGren %0,4 baino ez du bideratzen EHUra, “eta azken urteetan murriztuz doa” finantzaketa hori, ELAk salatu duenez.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 20a

Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoari bere aurrekontu orokorretan eskaintzen dion finantzaketa “gero eta gehiago murrizten” ari dela eta finantzaketa beste herrialdeekin alderatuta txikiagoa dela salatzeko ekitaldia egin du ELAk. Sindikatuak emandako datuak dira, eta “agerian uzten dute Eusko jaurlaritzak ez duela kalitatezko unibertsitate publiko baten aldeko apustua egiten”, dio. “Horrek guztiak eragin zuzena du bai unibertsitatearen hezkuntza kalitatean, bai lan baldintzetan”.

Azken boladan izandako hainbat murrizketa ekarri ditu gogora sindikatuak, besteak beste “apirilean berogailuak itxi ziren, hotz bolada baten erdian, energia fakturari aurre egin ezinik; abuztuan jakin da Medikuntza fakultate berriko lanak gelditu egin direla finantziazio nahikorik ez dagoelako; eta soldata galera azken urteotan %16koa izan da”.

Euneiz eta Culinary Center

Bitartean, Jaurlaritzak unibertsitate pribatuak babesten dituela azpimarratu du ELAk. Polemika piztu duten bi proiektu nabarmendu ditu: “Euneiz sortzea ahalbidetu du 64 milioi euroko laguntzarekin, eta Basque Culinary Centerren egoitza berrirako bat 24 milioi euro eta lurzoru publikoa laga ditu”.