argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak pobreenak berriro lotu ditu iruzurrarekin, dirulaguntzetan salaketak egiteko postontzi anonimoa jarrita
  • Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du, nahiz eta apenas egiten den iruzurrik Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bueltan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko azaroaren 19a
"Betetzea zure bermea da" kanpainaren aurkezpenean, Sara Buesa Lanbideko Prestazio eta Gizarteratze zuzendaria. Irekia

“Betetzea zure bermea da” kanpaina hasi du Lanbidek, eta mezua garbia da: prestazioa eskuratzeko arauak bete ditzatela esaten diete herritarrei. Horrela adierazita, balirudike askok ez dituela arauak betetzen, baina hori ez da inolaz ere errealitatea, eta orain gutxi Eusko Jaurlaritzak berak emandako datuek erakusten dutenez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) gaizki jasotzen duten herritarren artean apenas dagoen iruzurrik, gehien-gehienean administrazioaren tramitazio atzerapenek eragindakoak dira, alegia Lanbideren tramite akatsak.

Eta hala ere, Iruzurraren aurkako Komunikazioen Postontzia jarri du martxan, herritarrek “modu anonimo eta konfidentzialean” salatu dezaten bai DSBEren bai Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (BGD) bueltan susmatzen dituzten jardun irregularrak, “iruzurrezko egoerak detektatzeko beste herrialde batzuetan edo Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuetan abian jarritako ekimenaren antzera”.

"Gizarteratzen den mezua da ‘kontrolak egiten badizkiete zerbaitengatik izango da’. Iruzur fiskala %20koa da, eta ikuskapen fiskal askoz gutxiago egiten da"

Pobreziaren kriminalizazioa

Pasa den abenduan martxan jarritako Lanbideren Kontrol Unitateak gero eta tresna espezializatuagoak dituela ere nabarmendu dute, kanpainaren aurkezpenean. Neurri hau ere, “betebeharrak behar bezala betetzen direla” zaintzeko eta iruzurrak atzemateko jaio zen, besteak beste. 19 kidek osatzen dute eta Poliziarekin, Lan Ikuskaritzarekin eta Ministerio Fiskalarekin “etengabe” harremanetan dago. “Espediente guztien datuak gurutzatzen ditu, onuradunen lan-bizitza edo kotizazio-oinarriak ezagutzeko”.

Hain justu, kontrol handitze hau guztia eta pobreziaren kriminalizazioa kritikatu zion hainbat eragilek iazko martxoan onartu zen DSBEren lege berriari. Iñaki Uribarri Argilan-ESK-ko kidea gogor mintzatu zen ARGIAn: "DSBE jasotzen duen jendea, bere eskubidea izan arren, modu perbertsoan tratatzen da, eta prestazio ekonomiko hori jasotzen dutenen artean iruzurra %0,7koa baino ez den arren, gizarteratzen den mezua da ‘kontrolak egiten badizkiete zerbaitengatik izango da’. Iruzur fiskala %20koa da, eta ikuskapen fiskal askoz gutxiago egiten da, ongi justifikatzen da gainera ikuskapen kasu bakoitza. Pobrea izatea delitu dela dirudi".

Uribarriren esanetan, "‘Dirua migratzaileei ematen diezue’ moduko mezu eskuindarrei erantzuteko EAJk duen modua da kontrola handitzea, baina azken finean eskuinari men egitea da, eskubideen eta justizia sozialaren kalterako. Pobreek ez dute bozkatzen eta jomuga erraza dira".