argia.eus
INPRIMATU
AHTren lanek 28 iturburu urik gabe utzi dituzte Gipuzkoan
  • Arrasate eta Elorrio artean dagoen Udalaitzeko tunelaren lanek eragin dute azkeneko galera: Angiozarko baserri bat hornitzen zuen iturburua lehortu da eta, ondorioz, kamioi bidez eraman behar dute ura bertara. Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean aurkeztu ditu datu horiek txosten batean.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 11
Arrasate-Bergara-Elorrio loturako lanek baserri bat urik gabe utzi dute. / Argazkia: periodicoconstruccion.

EH Bilduko Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkidearen eskariz, Eusko Jaurlaritzak txosten bat aurkeztu du Legebiltzarrean, AHTren lanek Gipuzkoan lehortutako iturburuak zerrendatzen dituena: 28 dira guztira. EH Bilduk Jaurlaritzari galdegin dio Angiozar bailarako baserri baten ur-hornidurari buruz, eta arazoa baieztatu du Iñaki Arriolak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak: AHTren Udalaitzeko tunelaren eraikuntza dela-eta Olaiturri iturburua lehortu da, eta Goronsarri baserria ur-hornidurarik gabe utzi du, besteren artean abeltzaintzarako beharrezkoa dutena.

Eldiario.es atariak jakinarazi duenez, urriaz geroztik kamioi bidez igortzen dute ura baserrira. Angiozar bailarako beste hamalau etxek ere inguruko iturrietatik jasotzen dute ura, eta kezka dute berbera jazoko zaien, hedabideak jaso duenez. Aipatzekoa da 300 biztanle inguru dituela Angiozarrek eta abeltzaintza dela jarduera nagusia. Arriola sailburuak aurreikusi du “denboraldi batez” ur-horniketa kamioi bidez egin beharko dutela baserrira, baina ez dakiela emaria itzuliko den lanak bukatutakoan: “Adifek aztertu beharko du nola lehengoratu kaltetutako zerbitzua”.

AHTren Arrasate-Bergara-Elorrio loturako eraikuntza Adifen esku dago, zati hori Espainiako Estatuak finantzatzen baitu. Gipuzkoako gainerako zati gehienak Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu, eta hor ere atzeman dituzte ur-emarietan arazoak. Hainbat baserritako eta herritako ur-hornidura kaltetu du trenbidearen eraikuntzak, dokumentuan zehaztu dutenez.