argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak Naparra auziari buruzko dokumentazio eguneratua eman dio sendiari, desagerpenetik 41 urtera
  • Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ren desagerpenaren inguruko informazio eguneratuaz txostena osatu du EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak. Dokumentuaren funtsa ikerketa eragingarria bultatzea da, eta Eneko Etxeberria Alvarez Naparraren anaiak jaso du sendiaren izenean. Mont-de-Marsanen bigarren arakaketa egiteko pistak daudela adierazi dute eta baimen zain daude.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 24a
(Argazkia: Irekia)

Asteazkenean, Giza Eskubideen Bortxaketa Larrien Kasuen eta Egia Ezagutzeko Eskubidearen Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzak Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ren desagerpenari buruz duen dokumentazio guztia helarazi dio familiari. Donostian egin dute ekitaldia eta txostena Eneko Etxeberria Alvarezek jaso du, Naparra-ren anaiak. Presente egon dira dokumentuaren egile taldeko Bertha Gaztelumendi, txostenaren zuzendari Jon Mirena Landa eta Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendari Monika Hernando.

EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak osatu du txostena, eta Naparra auzia argitzeko ikerketa eragingarria bultzatzea du xede. 1980ko ekainaren 11n desagertu zenetik, Espainiako Estatuak kasua argitzeko zein punturaino lan egin duen ikertu dute; ateratako ondorioek injustizia bat gertatu dela seinalatzen dute, ikertutakoaren arabera ez direlako eragingarriak izan kasua argitzeko egun arte egindako saiakerak, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidetik behatuz gero.

Jose Miguel Etxeberriaren artxiboko argazkia, Dani Blancok koloreztatuta.

Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra lehenik ETAko eta ostean Komando Autonomo Antikapitalistetako kide izan zen. 1978an Ipar Euskal Herrira erbesteratu eta desagertu egin zen duela 41 urte, 1980ko ekainaren 11n. Ordutik dihardute haren senideek gorpua aurkitzeko ahaleginetan.

1980an abiatu zen kasuaren bueltako ikerketa lehen aldiz, eta desagerpenaren atzean estatu terrorismoa zegoenik aintzat hartu gabe, artxibatu egin zen; EHUk osatutako txostenaren arduradunek adierazi dute aztarnak ez zirela behar bezala aztertu. Hamazazpi urteren buruan berriz ireki zen kasua familiaren ekimenez, kereila jarri baitzuen. Kasua auzitegietan egon zen bost urtez, baina epaileak eta fiskalak, jarrera proaktiboa edukitzetik urruti, oztopo izan zirela diote EHUko txostenaren egileek.

2017ra arte berriz pausatua egon zen kasua, eta orduko hartan Mont-de-Marsango basoan araketa abiaraztea lortu zuten senideek. Gorpua ez zen agertu, baina bigarren araketa bat justifikatuko luketen aztarnak egon badaude, nahiz eta gaur artean horretarako baimenik ez duten lortu. Txostengileek ikerketa hori egiteko eskatu dute, era proaktiboan.