argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak Madrili leporatu dio 9.000 lanpostu publiko arriskuan jartzea EAEn
  • Espainiako Gobernuak aurkeztu du enplegu publikoan ordezkatu daitezkeen bajen portzentajea zehazteko akordioa, kasu askotan %50etik igotzen ez dena. Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du akordioa “EAErentzako oso kaltegarria” dela eta legealdi honetarako aurreikusten diren 9.000 lanpostu arriskuan jarriko dituela.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 30a

Madrilek erkidegoei ezarri nahi dien neurria krisialdi garaian erabili izan den mekanismo bat da, Espainiar Estatuko funtzionario kopurua murrizteko helburua duena, Andres Zearreta Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak azaldu duenez. Krisialdian tasa hau arlo batzuetan %0an egon dela ohartarazi du.

Neurri honen ondorioz, hurrengo urteetan deitu nahi dituzten 9.000 lanpostuak arriskuan egongo direla azaldu du Zearretak. Izan ere, erretiro edo ezintasunarengatik galtzen diren lanpostuak baino ezingo dira ordezkatu, eta honela langile kopurua haztea ezinezkoa izango da, Jaurlaritzaren arabera. “Enplegu Eskaintza Publikoa egingo dugu, baina hiritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzeko aukerarik gabe”, adierazi du, Deiak jaso duenez.

Sindikatuek tasak kentzea eskatu dute, bajen %100 ordezkatu ahal izateko, baita langile kopurua handitzea ere, azken urteetako murrizketak konpentsatzeko.

ELA sindikaturen ustez, akordioak “enplegua suntsitzeko eta lan eskubideak galarazteko balio du”. UGT-Euskadiren iritziz, berriz, “lorpen garrantzitsua” da, “enplegu galera eta behin-behinekotasuna gutxituko dituelako”.