argia.eus
INPRIMATU
Kalamu elkarteak erregularizatuko ditu Eusko Jaurlaritzak
  • Kalamu elkarteen definizioa eta ezaugarriak jasotzen dituen Menpekotasun Legearen aldaketan lanean ari da Eusko Jaurlaritza. Jon Darpon Osasun sailburuak aurreproiektua aurkeztu du eta urtea bukatu baino lehen aurrera eramango da.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 11
Norberak egiten duen kalamu kontsumoa baino ez du babestuko legeak (Argazkia: Alex Garcia. La Vanguardia)

Lege aurreproiektuak jasotzen duenez, kontsumo propioa bermatzea eta adingabekoen parte-hartzea debekatzea exijituko zaie kalamu elkarteei.

Zigarro elektronikoak eta alkoholismoa

Zigarro elektronikoak osasunerako dituen ustezko onurei buruzko mezuak zabaltzea ere debekatuko da legearen erreformarekin. Tabakoa bezala, galarazi egingo dira ospitale, eskola eta tabernetan.

Alkoholari dagokionez, salmenta mugatuko da; kiroldegi eta unibertsitateetan ezingo da graduazio handiko alkohola saldu. Alkoholarekin erlazionatutako zigorrak arinak izango dira, Darponek azaldu duenez, eta udalen bidez tramitatuko dira.

Bestelako menpekotasunak

Lege aurreproiektuan beste menpekotasun mota batzuk ere jasotzen dira, hala nola jokuarekikoa, teknologia berriekikoa edota sare sozialekikoa.

Menpekotasun Legea behin bakarrik aldatu da aurretik, 1998an, garai horretako kontsumo mota berriei egokitzeko.