Emantzipa dirulaguntza eskatu dezakete jada Araba, Bizkaia edo Gipuzkoan erroldatuta dauden 25-29 urte artekoek. Niko Cuenca ekonomialariaren esanetan, momentuan lagunduko die baina “partxe bat” besterik ez da.
Eusko Jaurlaritzak EAEko gazteen emantzipazio adina 30etik 28ra jaitsi nahi du, izan ere, gaur egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazte gehienak (%71,5) 30 eta 34 urte artean emantzipatzen dira. Hori aldatzeko, Jaurlaritzak Emantzipa dirulaguntza iragarri zuen abenduan; otsailaren 20an ireki da eskaera egiteko epea, eta azaroaren 29an izango da eskatzeko azken eguna.
Etxebizitza kostuak arintzeko hilean 300 euro jasoko dituzte, gehienez ere bi urtez, 25 eta 29 urte artean dituzten gazteek. Niko Cuenca ekonomialariak Euskadi Irratian azaldu du “aringarria eta lagungarria” bai izango dela laguntza eskuratzen dutenentzat, baina ohartarazi du “partxe bat” besterik ez dela. Gogorarazi du arazoa eskaintzan dagoela, eta 2023ko Espainiako Etxebizitzaren Legearen ondoren etxejabe askok erabaki dutela alokairura beharrean turismora bideratzea etxeak, bete beharreko baldintzei iskin egiteko.
Zer gertatuko da bi urteren ostean gazteek ezin badute alokairua ordaindu? Nola eragingo du Emantzipa programak etxebizitzen prezioetan? Cuencak argitu du ziurrena dela etxejabeek alokairu edo salmenta prezioak garestitzea, jakinda pisu bereko hiru gaztek hilean 300 euro jasotzen dituztela, besteak beste: “Ikusita merkatua nola dagoen, prezioak arazorik gabe igotzen dituzte”.
Baldintza hauek bete behar dira dirulaguntza eskatzeko: alokairuko edo etxebizitza erosteko kontratua izatea; hiru lurraldeetako herriren batean erroldatuta egotea eskaera egin baino urtebete lehenagotik, edo azken hamar urtean gutxienez hiru urtez jarraian; urteko errenta 3.000 eta 28.000 euro artekoa izatea. Etxebizitza partekatzen duten gazteen kasuan, gehienez hiru pisukidek jasoko dute laguntza.
Espainiako Gobernuak otsailean onartu du 35 urtetik beherako gazteei lehen etxebizitza erosteko laguntza ekonomikoa ematea, Kredituen Institutu Ofizialaren (ICO) bidez. Hamar urterako maileguak izango dira, sarrera ordaintzeko, besteak beste. Niko Cuencak Euskadi Irratian txanponaren beste aldea erakutsi du: “Mailegu altuagoak emateak eragiten du pertsona are gehiago zorpetzea. Mailegua hamar urterako da, eta gero zer?”. Aldaketa etxejabeengan eta merkatuan ezarri behar dela dio.