argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuek helegitea jarriko diete Jaurlaritzak grebarako ezarritako gutxieneko zerbitzuei
  • Ostegunerako deitu den greba orokorrerako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak jakinarazi zituen atzo Eusko Jaurlaritzak. "Abusiboak eta zenbait kasutan legez kanpokoak" direla adierazi dute ELA eta LAB sindikatuek eta helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute. Gutxieneko zerbitzuak aurreko greben antzekoak direla azaldu dute Jaurlaritzatik.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko maiatzaren 28a
Krisia hasi zenetik, seigarren greba orokorra izango da Hego Euskal Herrian. Argia

Hezkuntzan gutxieneko zerbitzuak ezartzea "onartezina" dela diote sindikatuok, eta horrelako neurriekin greba desaktibatzea dela Jaurlaritzaren asmoa. Gizarte zerbitzuetan ere, "inoiz ezagutu ditugun gutxieneko zerbitzu abusiboenak dira hauek", salatu zuten.

Zehazki, garraio zerbitzuetan %30eko gutxienekoa ezarri dute Lakuatik, berdin autopistako ordainlekuetan, eta %20koa gasolindegietan. Ospitaleetan jaiegunetako zerbitzua ematea erabaki dute, lehen mailako arretan larunbat bateko zerbitzua, eta larrialdi zerbitzuetan eta etengabeko arreta guneetan, %100ekoa.

Hezkuntzan, unibertsitateaz kanpoko zentro publiko, pribatu eta itunpekoetara sartzeko aukera bermatu beharko zaie ikasle guztiei. Geriatrikoetan, langileen %50 aritu beharko da, jatorduetan %60, eta adingabekoen zentroetarako %100eko zerbitzua ezarri dute.

Bestalde, Adegi patronalak egun horretarako deituta zuen Enpresaren Eguna mantendu izana eta Espainiako Ekonomia ministro Luis De Guindos gonbidatu izana –azkenean ez dela etorriko adierazi du De Guindosek– "iraingarria" eta "probokazioa" dela uste dute sindikatuek eta Legebiltzarrean ostegunerako aurreikusitako bilkura atzeratu ez izana ere gaiziki ikusi dute.

Bestelako eredu ekonomikoaren alde

ELA, LAB, ESK, EILAS, CNT eta CGT sindikatuek deitu dute greba orokorrera ostegun honetarako eta hainbat gizarte eragileren babesa dute. Murrizketen kontra eta enpleguaren alde egin dute deialdia, baita bestelako euskal eredu ekonomiko eta sozialaren alde.